Elías Unzueta: “ekimen digitalak negozioaren ardatzean kokatu behar dira”

Elías Unzueta, gaur goizean, Petronorren eraldaketa digitaleko estrategia azaltzen.
“Ekimen digitalak negozioaren ardatzean kokatu behar dira eta inpaktu ekonomikoa sortu behar dute”.  Halaxe adierazi du gaur Elías Unzueta Petronor Innovaciónen kudeatzaileak “4.0 Industria Kimikoa. Nire Enpresarentzat ere bai” deritzon mahainguruan, Fira Barcelonak Azkuna Zentroan industriak 4.0 bihurtzeko eraldaketa-prozesuari buruz antolatu duen “Expoquimia topaketak: sektorearen erronkak eta etorkizuna” zikloaren barruan.

Agerraldian, Unzuetak ezagutzera eman du Petronorren eraldaketa digitaleko estrategia, “Repsolen Industria Arloarekin (Fintzea, Kimika, LPGa eta Tradinga) lerrokatuta eta lan-ildo bat edo gehiago dituzten 4 arlo estrategikoren arabera definituta dagoena”. Hauexek dira aipatutako arloak: Plangintza –erakundeen makro funtzioetan teknologia berriak erabiltzea da balio-ekarpenik handieneko esparruetako bat–, Segurtasuna –eragiketaren segurtasunean aplikatutako teknologia berriak–, Lantegi Autonomoa –fabrikazio-prozesuak optimizatzeko teknologia berriak erabiltzea xede duten proiektuak barne ditu–, eta Eragiketen Fidagarritasuna eta Jarraitutasuna –“Ustekabeko zero akats” delako kontzeptuaren inguruko lan-ildoak–.

Gainera, Petronor Innovaciónen kudeatzaileak modu integratuan lantzen ari diren beste jarduera osagarri batzuk ere azaldu ditu: datu, komunikazio eta baliabideen arkitektura (Cloud Computing); zibersegurtasuna; prozesuetako teknologia disruptiboak (Blockchain); Wireless eta IoT teknologiak; robotika, prozesu automatikoak eta gizakiarentzako laguntza (Cobots); eta kudeaketa arloko berrikuntza.