Petronor, Gizarte Erantzukizun Korporatiboa eta Garapen Jasangarriko Helburuak Findegian integratzeko konprometitua

Ainhoa Regil bere hitzaldian zehar.
Petronorren ikuspegia honako helburu sendo hauetan oinarritzen da: “Energia-enpresa segurua eta oso eraginkorra izatea, ekoizpen- eta kudeaketa-prozesu guztietan etengabeko berrikuntzarekin konprometitua; bizilagun ona izatea, bere jarduerak eragindako inpaktuak murrizten dituena, bere ingurunearen garapenaren motorra eta negozio-aukera berrien bilaketan erreferente dena”,  adierazi zuen Ainhoa Regil Muskizko findegiko Prozesu kudeatzaileak, Kudeaketaren Europako Astearen barruan Izaitek antolatutako “2030erako agenda eta euskal enpresek gizartearekin duten konpromisoa” jardunaldian.

Atzo Euskalduna Jauregian antolatutako jardunaldian, Gizarte Erantzukizun Korporatiboa (GEK) eta Garapen Jasangarriko Helburuak (GJH) beren erakundeen izatean integratzeko konpromisoa duten enpresetako eta zuzendaritza-taldeetako arduradunek beren esperientziak, jardunbide egokiak eta etorkizuneko ikuspegia ezagutarazi zituzten. Ildo horretatik, Ainhoak azaldu zuen Petronorrentzat GKSa  “enpresak garapen iraunkorrari egiten dion ekarpena” dela, “erabakiak hartzeko prozesuan ingurumen-ardurak barneratzea, legea betetzetik harago joatea, interes-taldeen itxaropenak kontutan izanda”.  Horrez gain, Petronorren 2016-2020 Plan Estrategikoaren ildoak aurkeztu zituen, baita findegiaren Iraunkortasun Planaren ardatzak eta ekintzak ere.

2019ko Iraunkortasun Planaren ardatzen artean dago klima-aldaketa, eta energia-eraginkortasunari eta CO2 murrizteari dagokienez gauzatu diren ekintzak: 2017rako, Petronorrek 73 milioi euro inbertitu zituen energia-eraginkortasuneko ekintzetan, eta CO2 isuriak %23 murriztu zituen, 2010. urtearekin alderatuta; hau da, 660Kton CO2 isuri aurreztuz.

Sektorea eboluzionatzen ari da, isuri gutxiko etorkizun baterantz, eta EBren araugintza- eta deskarbonizazio-helburuek merkatu berriak baldintzatzen dituzte. Testuinguru horretan, finketa sektoreak erronka bikoitza duela aipatu zuen Regilek: energia beharrak asetzea eta karbono isuriak murriztea.

Amaitzeko Petronorreko Prozesuen kudeatzaileak findegiak epe luzerako duen isuriak murrizteko estrategiaren berri eman zuen,  “klima aldaketaren aurkako borroka gure DNAn dagoelako”.