16 eta 99 urte bitarteko 3.000 kirolari inguru bildu ziren otsailaren 8an Parisen Munduko Indoor Arraunketa Txapelketa jokatzeko. Setién Kaiku taldeko arraunlari ohia, 60-69ko master kategoriako 2.000 metroko Espainiako indoor arraunketako errekorra (7:04) duena, proban parte hartzera animatu eta kategoria horretako txapeldunorde atera zen 7:13ko denbora tarteko. Txapela Dominique Omet frantsesak eskuratu zuen eta hirugarren postua Bob Dermody estatubatuarrarentzat izan zen. “Nire helburua 7 minututik jaistea zen aurreko errekorra gainditzeko, baina nahiko murriztuta ibili naiz fisikoki antibiotikoak hartzearen ondorioz, eta ez dut lortu nire marka berdintzea. Hala ere, pozik nago”, esan du José Manuelek, ekitaldiaren antolakuntza bikaina eta esperientzia ona ere azpimarratu dituelarik.
Setienek 10 urte daramatza ergometroan, baina orain dela gutxi hasi da serioago hartzen. Azkenaldiko lorpenen ondoren, helburu berrietan pentsatzen hasia da: “orain, Getxon egingo den probarako prestatzen hasiko naiz, horrexetan gainditu bainuen Espainiako errekorra, eta Zaragozan jokatuko den Espainiako Txapelketan nahiz munduko txapelketan ere pentsatzen dut”.