Donostia Zinemaldiak datorren astelehen ekainaren 1ean itxiko du Startup Challenge egitasmoaren bigarren deialdirako epea. Honakoa ikus-entzunezkoetako proiektu teknologikoen gaineko lehiaketa da. Zinemaldia&Technology ekimenaren hirugarren edizioaren barruan egingo den lehiaketa Zinemaldiaren apustu estrategikoetako bat da, teknologiari eta ikus-entzunezkoen industriari buruzko gogoetarako erreferentzia-gune izatea du-eta helburu.
Ikus-entzunezkoetan teknologia berriak aplikatzean oinarritutako enpresa-proiektu berriak proposatzen dituzten ekintzaileei eta startup sortu berriei –2015eko abenduaren 31tik aurrera eratuak– zuzenduta dago lehiaketa. Gainera, parte-hartzaileek Europako herrialde batean izan beharko dute legezko egoitza, eta enpresa-proiektua Euskal Autonomia Erkidegoan martxan jartzeko asmoa.
Eusko Jaurlaritzak, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren bitartez, Zinemaldia Startup Challenge ekimena sustatzen du. Zinemaldia&Technology jardunaldiaren barruan egiten da, aurten hirugarrengoz, eta Donostia Zinemaldiak, Tecnaliak, Tabakalerak eta Petronorrek antolatzen dute, Vicomtech ikerketa aplikatuko zentroaren laguntzarekin.