Bost proiektu lehiatuko dira Zinemaldia & Technology ekimeneko Startup Challenge lehiaketan

Zinemaldia & Technology jardunaldian euren proposamena defendatuko duten bost proiektu finalistak aukeratu ditu Donostiako Zinemaldiaren baitako ekimen honek: AI-Driven Video Editing Platform britainiar aplikazioa, adimen artifizialaren bidez bideoak sortzeko eta editatzeko prozesuak automatizatzen dituena; Cinesmart kataluniar plataforma, big data baliatuz eta advergamingean oinarrituta, zinema-erakustegiei zuzenduta dagoena; Compliance Management Solution for the Film and TV Industry norvegiar plataforma, adimen artifizialean eta machine learningean oinarrituta egonik hainbat lurraldetako araudi espezifikoak betetzen laguntzeko balio duena; FilmChain, Erresuma Batuko enpresa batek garatutako aplikazioa, blockchain teknologiaren bitartez ikus-entzunezkoen alorreko eragile guztien arteko finantza-transakzioak errazten dituena; eta La Quinta Pared, Alemanian garatutako aplikazio mugikorra, non erabiltzailearen mugikorra film bateko protagonistaren mugikor bihurtzen den, narratiba transmedia ekarreragileen garapena sustatzeko.

Zinemaldia Startup Challenge ikus-entzunezkoen arloan teknologia berriak sartzean oinarritutako enpresa-proiektuak proposatzen dituzten talde ekintzaile eta startup sortu berrientzako lehiaketa da, eta aurtengo edizioaren −bigarrenaren− deialdiak 40 proiektu jaso ditu Europako bederatzi herrialdetatik (Alemania, Danimarka, Espainia, Estonia, Italia, Norvegia, Herbehereak, Erresuma Batua eta Suedia).

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak sustatutako deialdi horren esparrua Europa da, eta aurten jasotako proposamenen bidez konponbide berritzaileak proposatzen dira ikus-entzunezkoen arlorako, betiere honako teknologia hauetan oinarrituta, besteak beste: big data, errealitate areagotua, errealitate birtuala, Internet of Things, blockchain, adimen artifiziala eta 3D inprimaketa.

Proiektuen aurkezpena online egingo da irailaren 25ean, ostiralean, eta aurkezpen horren ondoren eskola magistral bat egongo da. Hautatutako proposamenak Espainiatik, Erresuma Batutik, Norvegiatik eta Alemaniatik datoz, eta honako sari bat lortzeko lehian arituko dira: 10.000 euro; lehenengo urtean Euskadiko Parke Teknologikoen Sareko BIC batean inkubaziogune batera dohainik sartzeko eskubidea; eta 500.000 eurorainoko finantzaketa eskuratzeko aukera. Petronor ekimenaren babesleen artekoa da beste behin.