Berrikuntza “herrialdeko proiektu gisa” hartzea eskatu du López Atxurrak

Innobasqueren webgunean argitara emandako artikulu batean, Petronor eta Tecnaliako presidente eta Innobasqueko presidenteorde Emiliano López Atxurrak adierazi du berrikuntzak “herrialdeko proiektu” izan behar duela, pandemia sasoian areago, “gaur egungo gazteentzat bizi aukerak izaten jarraitzeko betebeharra delako, horiek gure berehalako etorkizunaren parte eta protagonista direnez”.

Haren irudiko, gaur egungo testuinguruak “gure historian zehar lehenago inoiz izan ez dugun ongizatea ahalbidetu duen munduarekiko ezberdina den beste batera begira eraldatzeko eta egokitzeko neurri serioak ezinbesteko egiten ditu”.

Ildo horretatik datozen lau urteotan “herrialde proiektu bat gorpuztea” eskatzen du “gure gaitasun industrial eta teknologikoak optimizatu eta gihartzeko; mende honek eskatzen dituen desafio eta formazio beharrizanei erantzuteko hezkuntza eredua lantzeko; sistema administratibo efizientea eta mundu digital berriarekin lerratutakoa osatzeko; eta, azken batean, desafio berriei euren osotasun eta konplexutasunean erantzuteko herrialde proiektua sorrarazteko”.

Artikulua irakurri