Sektorearen deskarbonizaziorako ekimen garrantzitsuenen artean jarri dute erregai sintetikoen Petronorren instalazioa

FuelsEurope-k, Europako fintze industriaren elkarteak, uste du erregai sintetikoen Petronorren etorkizuneko instalazioa, 60 milioi euroko inbertsioa izango duena, sektorearen deskarbonizaziorako I+Gko ekimen garrantzitsuenetakoa dela.

Repsolek eta Petronorrek ekainaren 15ean plazaratu zuten erregai sintetikoen munduko instalazio handienetakoa abiatzeko egitasmoa, lehengai bakar gisa CO2-a eta energia berriztagarrizko uraren elektrolisitik sortutako hidrogeno berdea baliatuko dituena.

Instalazioa guztiz abian izango da lau urteko epean, eta erreferentziazkoa izango da Europan aplikatutako puntako teknologiagatik eta Petronorren findegian atzitutako CO2aren erabileragatik. Honen garapenak dakarren maila goreneko erronka teknologikoaren buru izango da Repsol Technology Lab ikerketa zentroa, Mostolesen finkatuta dagoena. Hidrogeno berdearekin −% 100 garbia den energia, iturri berriztagarrietatik sortua− konbinatuko du CO2a prozesuko lehengai bezala, eta honek zero isurpen garbiko erregaien garapenaren abangoardian kokatuko ditu Repsol eta Petronor.

Lehenengo fasean, ondorengo merkaturatze-aldian emaitzen arabera eskalatzeko aukerarekin, eguneko 50 upel erregai sintetiko lortuko dira, CO2aren zero isurpen garbi eraginez ekoizpen-ziklo osoan, eta ekoizpen hori nahikoa izango litzateke Bilbo-Madril aire-ibilbidearen erregai-beharrak estaltzeko.