Petronorrek eta Bilboko Gotzaitegiak eguzki-energia sustatuko dute elizbarrutiko eraikinetan

Mario Iceta eta Emiliano Lopez Atxurra, gaur, lankidetza hitzarmena sinatzen.
-Petronorrek, Edinor filialaren bidez, energia-autokontsumoa zein sarerako energia-ekarpenak egiteko eguzki-plaka fotovoltaikoak instalatuko ditu Bilboko Elizbarrutiko eraikinetan.

-Emiliano López Atxurrak eta Mario Icetak lankidetza-hitzarmena sinatu dute gaur, CO2 isuriak murrizten eta trantsizio energetikoa bultzatzen elkarrekin eta modu aktiboan jarduteko.

-Derioko Seminarioa izango da teknologia horretaz hornituko den lehenengo eraikina, 100 kWeko eguzki-komunitate bihurtzeko.

-Ekintza honi esker, Petronorrek energia-eragile deskarbonizatua bihurtzeko estrategiari erantzun eta Gotzaitegiak Frantzisko Aita Santuak “Laudato sí” Entziklikaren bidez emandako jarraibideak beteko ditu.

Petronorrek eta Bilboko Elizbarrutiak energiaren deskarbonizaziorantz jotzearen aldeko ikuspegi estrategikoa partekatu eta indarrak batzea erabaki dute 0 km-ko energia berriztagarria elkarren artean sortu ahal izateko. Hartara, energia-sorkuntza banatua errazteko, energia-autokontsumoa zein elektrizitate-sarerako ekarpenak egitea ahalbidetuko duten eguzki-plaka fotovoltaikoak instalatuko dira Bilboko Elizbarrutiko eraikinetan.

Emiliano Lopez Atxurra Petronorreko presidenteak eta Mario Iceta Bilboko administratzaile apostolikoak lankidetza hitzarmena sinatu dute gaur, sortzaile nahiz kontsumitzaile gisa abian dituzten energia garbien ikerketa eta hedapen programak aberasteko eta elkarren arteko harremanak areagotu eta zabaltzeko. Hitzarmenak hiru urteko indarraldia izango du, eta denbora horretan elkarrekin eta modu aktiboan jardungo dute CO2 isuriak murriztu eta trantsizio energetikoa bultzatzeko.

Ekintza honi esker, Petronorrek energia-eragile deskarbonizatua bihurtzeko estrategia indartu eta Gotzaitegiak Frantzisko Aita Santuak “Laudato sí” Entziklikaren bidez emandako jarraibideak bete ahal izango ditu, “guztion etxea” babestu beharraren aldeko jarrera garbiari eutsiz. Horren harira, Bilboko Elizbarrutiak higiezinen parke deskarbonizatua osatzeko ahaleginari ekin zion duela urte batzuk, energia berriztagarrien erabilera bultzatuz 800dik gora instalaziotan. Hemendik aurrera, Petronorrek, Edinor filialaren bitartez, energia sortu, kontsumitu eta partekatzeko beharrezko azpiegitura guztia instalatuko du Bilboko Elizbarrutiko eraikinetan, tokiko garapena bultzatuz. Horrela, ahalik eta etekin handiena aterako dio eguzkiari, baliabide natural honetatik energia sortzeko eta Bilboko Elizbarrutiko eraikinen kontsumoan erabiltzeko.

Lehenengo eguzki-komunitatea

Derioko Seminarioa da eguzki-komunitatea izango duen lehenengo eraikina, eta horrela, udalerriko karbono-aztarna murrizten lagunduko du. Seminarioko estalkian elektrizitatea sortzeko 100 kWeko instalazio fotovoltaikoa kokatuko da, eraikinean dauden 60 enpresen mesedetan (54.000 metro koadro). % 100 garbia eta gertukoa den energia honek ez du inolako kosturik izango onuradunentzat, izan ere, Edinor arduratuko inbertsioa egiteaz, baita geroko gauzatze eta mantentze lanak aurrera ateratzeaz ere. Sortutako energiak prezio lehiakorra izango du, egun ordaintzen dutenaren parekoa edo merkeagoa, baina abantaila batekin: tokian tokiko energia denez gero, elektrizitate-sarean gertatu ohi diren galerak eta beharrik gabeko erabilerak saihestuko dira. 2021. urtearen hasieran abian izan daiteke, aurreikuspenen arabera.

Edinorri buruz

Edinor energia banatuaren arloan diharduen Petronorren filiala da. Eraikinetako teilatuetan panel fotovoltaikoak instalatuz eta kudeatuz, bide berri bat eskaini nahi du 0 km-ko energia berriztagarria sortu, kontsumitu eta partekatu ahal izateko. Edinorrek tokiko garapena ere sustatzen du, proiektuak bertako hornitzaileekin eta kalitatezko enplegua sortuz garatzen dituen neurrian.

Bilboko Elizbarrutiari buruz

Bilboko Elizbarrutia sorreraren 70. urteurrena ospatzen ari da 2020an eta arreta pastorala ematen dio Bizkaiko Lurralde Historikori, Urduñari izan ezik, Gasteizko Elizbarrutiari atxikita baitago. Bilboko Elizbarrutiak Villaverde de Trucíos udalerria ere barne hartzen du, Kantabriako Autonomia Erkidegokoa izan arren.

Guztira, 1.500 pertsona inguruk lan egiten dute hainbat eliz-erakundetan (Caritas, 16 ikastetxe, Irakasleen Unibertsitate Eskola (BAM), 260 apaiz eta beste 15 erakunde). Gainera, 5.000 boluntario inguruk parte hartzen dute Bilboko Elizbarrutiko hainbat zereginetan.

Bizkaiko Elizak 33 milioi euro erabiltzen ditu urtean karitate zein pastoral arloko jardueretarako, eta % 87 inguruko autofinantzaketa du, nagusiki fededunek eutsita.