Imaz: “Anbizioa dugu, eta guztiz lerrokatuta gaude hidrogenoaren espainiar estrategiarekin”

Josu Jon Imaz.
“Guztiz lerrokatuta gaude hidrogenoaren espainiar estrategiarekin. Eta lerrokatze honetan, egun Repsolek Espainiako hidrogeno guztiaren % 72 kontsumitzen du. Estatuko hidrogeno ekoizlerik handiena gara eta Europan dagoen hidrogeno-instalaziorik handiena kudeatzen dugu”.  Halaxe adierazi du Josu Jon Imaz Repsoleko kontseilari ordezkariak, Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak (MITECO) antolatutako “Hidrogeno berriztagarria: aukera bat Espainiarentzat” online jardunaldian.

Hidrogeno berriztagarriak sektore energetikoaren deskarbonizazioan duen eginkizuna eta Estatuan bektore energetiko honen industria arloko balio-katea garatzeari lotutako etorkizuneko aukerak aztertzea zen jardunaldiaren helburua. Horren harira, Imazek argi utzi du Repsolek  “jarrera bakarra duela, izan ere, balio-kate osoan gaude. Hartara, sorkuntza berriztagarrian gaude, baita biltegiratzean, industria-kontsumoan, ekoizpenean eta horien guztien kalitatea hobe dezaketen erregai likidoak ekoizteko balio-katean ere”.  Gaineratu duenez,  “2021-2026 epealdian, 2.200 eta 2.900 milioi euro arteko inbertsioa egingo dugu hidrogenoaren kateari lotutako proiektuetan”.

Bere hitzaldian, Repsoleko kontseilari ordezkariak ezagutzera eman ditu Konpainiak hidrogenoari lotuta abian dituen proiektuak:  “210 MW baliokide ditugu hidrogeno berriztagarrian, berdean eta biometanoz ekoitzitakoan, hidrogeno berde hori industria-prozesuetan erabiltzeko asmoz. Bigarrenik, elektrizitate-sorkuntzaren bidez ekoitzitako 210 MW hidrogeno berriztagarri ditugu, proiektuetan oinarritutakoa, batez ere Petronorren eta Cartagenan. Eta jakina, gure sorkuntza berriztagarria ere aipatu behar da, sorkuntza hibrido fotovoltaikoa eta eolikoa barne dituena, bateria zein ponpaketa bidezko biltegiratzearekin batera”. Besteak beste, fotoelektrokatalisiaren proiektua aipatu du, hau da, ur ionizatuan eguzki-energia erabiltzea, elektrizitaterik sortu gabe, erabat berde eta berriztagarria den hidrogenoa zuzenean ekoizteko. Puertollanon garatzen ari da, Enagasekin batera.

Josu Jon Imazek nabarmendu duenez,  “hidrogeno elektrolitiko, berde eta berriztagarria sustatu nahi badugu, eta nik uste dut halaxe egin behar dugula, anbizioa baitugu, baita gaitasuna ere herrialde gisa horretan aurrera egiteko, kostu elektrikoetan zein garraio eta banaketa gastuetan jardun behar dugu”, eta haren hitzetan,  “Espainia herrialde egokia da hori guztia egiteko”.