Sinaketatik bi urte igaro direla, begi-bistako aurrerapenak egin dira, hala nola, Bilbon ezarritako 30 km orduko gehienezko abiadura, Petronorren hidrogenoaren proiektua edota erregai sintetikoak ekoizteko abian duena.
Gaurko ekitaldian izan dira Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, Emiliano López Atxurra Petronorreko presidentea, Gorka Martinez BBKko zuzendari nagusia eta Rafael Sterling Irizarreko CEOa. Horiekin batera, modu telematikoan parte hartu dute Abel Caballero FEMPeko presidenteak, Gorka Urtaran EUDELeko presidenteak eta Francisco Iglesias Alsako CEOak.
Bilboko Udalak eta Petronorrek gaur iragarri dutenez, urriaren 6an eta 7an antolatuko da Bizkaiko hiriburuan Mugikortasunaren Nazioarteko Biltzarraren edizio berri bat, SUM Bilbao 2021. Biltzar honetan mugikortasunarekin zerikusia duten gaur egungo gairik garrantzitsuenak jorratuko dira, mugikortasun iraunkorraren arloko eragile nabarmenen partaidetzari esker.
Petronorrek deskarbonizazioarekin eta SUMarekin duen konpromisoa adierazi du Emiliano López Atxurra Muskizko findegiko presidenteak: “SUMa Petronorrentzako bektore estrategikoa da, ikuspegi ekonomikotik, enpresaren ikuspegitik eta gure erantzukizun sozialetik ere. Gure inbertsioek ez lukete zentzurik izango mugikortasunaren osagai energetikoa gauzatzeko hiri-habitat bat egongo ez balitz, horregatik proiektu honekin konprometiturik egon gara eta honela jarraituko dugu”.
SUM Bilbaoren edizio berriak ondorengo arlo tematikoak izango ditu ardatz: batetik, trantsizio energetikoa, hidrogenoari lotutako aukerak, energia garbiak eta energiaren deskarbonizazioa. Bigarren ardatz tematikoa gobernantza eta finantzaketari buruzkoa izango da, hau da, klima-aldaketa arintzeko arau-esparruak eta aliantza publiko-pribatuak. Eta hirugarren ardatz tematikoan mugikortasuna, digitalizazioa eta berrikuntza izango dira aztergai. Izan ere, mugikortasun berria konektatua, irisgarria, planifikatua eta garraio publikoaren bidezkoa izatearen aldeko ikuspegitik aztertuko da.
Prentsa oharra, hemen.