Petronorrek mugikortasunaren abangoardiatzat parte hartu du Mubil zentroaren inaugurazioan

Mubil Gipuzkoako Mugikortasun Adimendun eta Jasangarriaren Zentroak ireki zituen ateak atzo Tolosako Usabal industrialdean, sektoreko enpresei zerbitzua eman eta Europa mailako erreferente bihurtzeko asmoz. Hiru urteren buruan Donostiara aldatuko da, Eskuzaitzetara, eta hor tamaina eta gaitasun handiagoak hartuko ditu.

Mubil Europa mailako erreferentziazko zentro bihurtzeko eta lurraldea zein Euskadi mugikortasunaren abangoardiara bultzatzeko helburuarekin sortua da, Iñigo Urkullu lehendakariak eta Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak atzo egoitzaren inaugurazioan nabarmendu zutenez.

Bi buruzagiek adierazi zutenez, “herrialde mailako proiektua” da. Hartara, inaugurazio-ekitaldiak Gipuzkoako zein Euskadiko agintari politiko nagusiak bildu zituen, baita enpresa eta zentro teknologien arloko hogeita hamar bat ordezkari ere parte, horien artean Emiliano Lopez Atxurra Petronorreko presidentea.

Proiektua Gipuzkoako Foru Aldundiaren ‘Etorkizuna Eraikiz’ programaren babespean sortu da, Eusko Jaurlaritza buru duen RIS-3 espezializazio adimenduneko estrategiari atxikita, eta honi esker, mugikortasun jasangarriaren arloan lan egiten duten enpresek produktuen saiakuntza egiteko aukera izango dute, bereziki bateriena, baita balio-kate osoarena ere.

Zentro hau lehenengo aurrerapausoa da Mugikortasun Berriaren Poloa sortzeko prozesuan. Hain zuzen ere, hauxe da Euskadi Next Programan jasotako Proiektu Estrategikoetako bat, eta proiektu guztien artean, Europako funtsetatik lortutako 86,5 milioi euro mugiaraztea dute helburu. Ondorioz, Mubilen aurreikusitako guztizko inbertsioa 156 milioi eurokoa izango da. Ildo horretan, oraingo behin-behineko kokapenerako 7 milioi euro inbertitu dira; horietatik, 5,5 milioi Gobernu zentralak emanda, eta gainerako 1,5 milioiak Aldundiak finantzatuta.

Laborategi hutsa izateaz gain, zentroak enpresen arteko sinergiak sustatu eta berrikuntza eta ekintzailetza bultzatu nahi ditu mugikortasun jasangarriaren arloan. Horren harira, zentroaren helburuen artean dago euskal enpresek arlo honetan dituzten industria-gaitasunen potentzialtasun berritzaile osoa bideratu eta bultzatzeko topagunea izatea. Ekintzailetzari dagokionez, Mubilek lehen fruitua eman du dagoeneko, bost ingeniari gazteren artean eratutako epower labs deritzon ‘startup’-a baitu. Gazte hauek ibilgailu elektrikoentzako bankadak aztertzen dihardute. Lan hau Mubil zentroan egiten dute zuzen-zuzenean