EOI Fundazioak, Mondragon Unibertsitateak, Somorrostro Irakas-guneak eta Petronorrek hidrogeno-industriari buruzko prestakuntza bultzatuko dute

Vicente Atxa, Raúl Blanco, Emiliano López Atxurra eta Javier Laiseca, gaur.
Raúl Blanco Industria eta ETEetako idazkari nagusi eta EOI Fundazioko presidenteak, Emiliano López Atxurra Petronorreko presidenteak, Vicente Atxa Mondragon Unibertsitateko errektoreak eta Javier Laiseca Somorrostro Irakas-guneko zuzendariak hidrogeno-industriaren arloko prestakuntza programa abian jartzeko akordioa sinatu dute gaur Bilbon, findegiak sustatuta.

Hauxe da eremu horretan abiaraziko den lehenengo prestakuntza-ekimena eta karrera profesionala hidrogenoaren teknologiekin lotuta garatzen hasi nahi duten gazteei, eta lanbide-garapena zein enplegagarritasuna teknologia horien inguruko ezagutzari lotuta bultzatu nahi duten profesionalei zuzenduta dago.

Jarduera hauek Espainiako Hidrogenoaren Ibilbide Orriaren helburuekin lerrokatuta daude, baita Hidrogenoaren Euskal Korridorearen helburuekin ere, izan ere, azken honek hidrogenoaren teknologiei buruzko ikasketak txertatzeko asmoa du egun unibertsitate-graduetako titulazioetan nahiz erdi eta goi-mailako heziketa-zikloetan dauden hezkuntza-planetan, hidrogenoaren sektorearen ezagutza eta garapenari buruzko titulazio espezifikoak sortzea beharrezkoa ote den aztertuz.