Petronorrek eta SENERek elektrolizagailuen lehen lantegia abian jartzeko akordioa formalizatu dute

Jorge Sendagorta Cudós eta Emiliano López Atxurra, gaur goizean.
-120 milioi euroko inbertsioa tarteko, lehen fasea 2022an jardunean izatea aurreikusi dute.

-Bizkaian kokatutako lantegi hau izango da hidrogeno berdearen ekoizpenari lotuta Espainian abian jarriko den lehenengoa.

-Eragin positiboa izango du enpleguan, lehen fasean zuzeneko 50-60 lanpostu sortuz, eta beste 100 lanpostu bigarrenean.

-Hidrogenoaren Euskal Korridoreari atxikitako 34 proiektuetako bat da, eta elektrolizagailuen teknologia garatzea izango du helburu.

-Elektrolizagailuak giltzarrizko faktorea dira hidrogeno berdea sortzeko.

Petronorrek eta SENERek Bizkaian kokatuko den elektrolizagailuen lantegia abian jartzeko akordioa formalizatu dute gaur. Instalazioa 2021ean eraikitzen hasiko da eta lehen fasea 2022an jardunean izatea aurreikusi dute.

Proiektuak, 120 milioi euroko inbertsioa tarteko, eragin positiboa izango du enpleguan, lehen fasean zuzeneko 50-60 lanpostu sortuz, eta beste 100 lanpostu bigarrenean. Horri gehitu behar zaio zeharkako enpleguan izango duen inpaktua, tokiko hornitzaileekiko lankidetzaren bitartez. Bere izaera industrialagatik, enplegua kalitatezkoa izango da eta denboran iraungo du, epe luzeko proiektua baita.

Elektrolizagailuen lantegia da berrikitan aurkeztu den Hidrogenoaren Euskal Korridorearen (BH2C) 34 proiektuetako bat. Eredu energetikoa eta ekonomikoa aldatzen laguntzea da Korridorearen helburua, energia, mugikortasuna, industria, zerbitzuak eta bestelako sektore estrategikoen deskarbonizazioan aurrera egiteko.

Akordioa gaur aurkeztu dute Emiliano López Atxurra Petronorreko presidenteak eta Jorge Sendagorta Cudós SENEReko kontseilari ordezkariak.

Elektrolizagailua funtsezko osagaia da hidrogenoa sortzeko, eta ondorioz, Euskadin garatu eta ekoiztea lehentasunezko helburu bilakatu da.

Hidrogenoaren Euskal Korridorearen barruan, hidrogenoa ekoizteko hiru instalazioren eraikuntza aurreikusi da, eta lantegi horiek elektrolizagailuak beharko dituzte. Horietako lehena, Petronorren jabetzakoa, 2022aren amaieran jarriko da abian. Lantegiak 2 MWeko potentzia izango du eta Abantoko Teknologia Parkeko instalazioak hidrogeno berriztagarriaz hornitzeko erabiliko da. Bigarrena, Petronor, EVE eta Enagasena, Bilboko Portuan kokatu eta 2024an abian jarriko den 10 MWeko elektrolizagailua izango da, erregai sintetikoak ekoizteko lantegia hornitzea helburu duena. Eta hirugarrena, 2025erako abiarazi beharrekoa, 100 MW ere ekoitz ditzakeen elektrolizagailua izango da, Petronorren ekoizpen-prozesua deskarbonizatu eta Korridorearen horniketa-beharrak estaltzeko erabiliko dena.

Emiliano López Atxurra Petronorreko presidenteak adierazi duenez, “gaur Petronorretik urrats sendoa eman dugu energia garbien eta deskarbonizazioaren aldeko apustuan, Bizkaian elektrolizagailuen lantegia abiaraziko dela ezagutzera emanez, norekin eta SENERekin, izan ere, lehen mailako bazkide honekin Petronorren jatorrietatik datorkigun harremanak lotzen gaitu”.

Jorge Sendagorta Cudós SENEReko kontseilari ordezkariaren esanetan, “akordio honen sinaketak aukera ederra ekarriko dio SENER Taldeari, industrian zein energia berriztagarrien arloan dugun esperientzia gizartearen zerbitzura jartzeko. Europatik, hidrogenoaren ibilbide-orriak lehentasun argiak zehaztu ditu, eta gure DNAn dagoen zerbait eskatzen du: teknologia garatzea”.  Jorge Sendagortak gaineratu duenez, “oso pozik gaude bide berri hau Petronorrekin batera jorratzeaz, izan ere, gure arteko loturak sendoak izan dira betidanik eta elkarrenganako errespetu handia partekatzen dugu”.