Petronorren hiru erronka nagusiak: biziraupena, eraginkortasuna eta eraldaketa

José Ignacio Zudaire Elena Carriedok ilustratutako "visual thinking"-aren aurrean.
“Biziraupena, eraginkortasuna eta eraldaketa”;  horiexek dira Petronorrek gainditu beharreko hiru erronka nagusiak, Jose Ignacio Zudaire Pertsonen, Antolaketaren, Ekonomia eta Finantza Sailaren eta Harreman Instituzionalen arloko zuzendariak gaur “Industria-politika eta lehiaren politika Euskadin, Europako Batzordearen komunikazioaren ondoren” delako jardunaldian azaldu duenez.

Biziraupena, Covid19arekin “mundua gelditu, mugikortasuna gutxitu eta Petronorren ekoizpena % 40 murriztu”  den heinean. Zudairek jakinarazi duenez, pandemiaren urtean hiru findegi itxi dituzte Europan, baina  “2022tik aurrera mundua berriro abian jarriko den”  itxaropena agertu du.

Eraginkortasuna, mendebaldeko merkatura petrolio gordinarekin batera  “gasolina, gasolioa eta findutako bestelako produktuak eskaintzen dituzten saltzaileak iritsi baitira, Europako ingurumen-legeria betetzen ez duten baldintzetan bada ere”.  Zudaireren hitzetan,  “Europar Batasunak ez badie oztoporik jartzen Europako findegiei eskatutako baldintzak betetzen ez dituzten erregaiei, karbono-aztarna baliokidean lehiatzen ez bagara, CO2 isurketa globalei buruz geure burua engainatzeaz gain, Europako fintzearen sektoreak lehiakortasuna galtzen jarraituko du”.

Eta eraldaketa, izan ere, “2050ean 0 isurketa izateko erronka bete ahal izateko”,  behar-beharrezkoa izango da “etorkizuneko findegi deskarbonizatua”  lortzea, eta horretarako, erregai fosilen ziklotik irten eta hondakinez, olioz, plastikoz eta abarrez elikatzen den fintze-sistema batera igaro behar da, “ekonomia zirkularra”  deritzonaren barruan. Beste horrenbeste, “hidrogenotik abiatuta erregai sintetikoak”  lortzeari dagokionez.

Jardunaldia Bilboko Guggenheim Museoan antolatu du Lehiaren Euskal Agintaritzak, Europako Batzordearen EU Industry Week 2021 delakoaren harira.