Petronor da Basque Artificial Intelligence Center (BAIC) sustatu duten 17 erakundeetako bat

Iñigo Urkullu Lehendakaria eta Arantxa Tapia sailburua BAIC sustatu duten 17 erakundeetako ordezkariekin.
Petronor da, Euskadin Adimen Artifiziala sustatzeko asmoz, gaur, Miñanon kokatutako Arabako Teknologia Parkean eratu den Basque Artificial Intelligence Center (BAIC) delakoa osatu duten 17 erakundeetako bat.

Eratzeko ekitaldia Iñigo Urkullu Lehendakaria tarteko zela egin da, eta bertan parte hartu dute Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumeneko sailburuak eta BAIC osatu duten 17 erakundeen ordezkariek, hauen artean Jose Ignacio Zudaire Petronorreko Giza zein Antolaketa, Erakunde Harremanen eta Ekonomia eta Finantza Saileko zuzendariak.

BAIC sortu izanaren arrazoia  “Euskadi Adimen Artifiziala (AI) sustatzeko lankidetza publiko-pribaturako esparrua eskaintzea izan da, industriak berehala beregana dezan, eta aldi berean, proiektuen saiakuntza eta azeleraziorako laborategia izango da, erronka teknologiko eta sozialik handienetakoa den honetan nazioarteko posizionamendua sendotzen laguntzeko”,  adierazi du Lehendakariak. 

Petronorrekin batera, erakunde hauek sustatu dute BAIC: CAF, Deusto Seidor, Euskaltel, Gestamp, Hupi Ibérica, Iberdrola, Inzu Group, ITP Aero, Mondragon Korporazioa, Onkologikoa, Sener, eta Versia; baita eragile zientifiko-teknologikoak eta prestakuntza zentroak ere, Tecnalia, Vicomtech eta Basque Center for Applied Mathematics (BCAM) tarteko direla. Lankidetza publikoa SPRI Taldearen eskutik etorri da, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumeneko Sailaren izenean.

Euskadin AI garatzea, AIren arloko euskal ekosistema egituratzea (enpresak, zentro teknologikoak, ikerketa-zentroak, prestakuntza-zentroak, etab.) eta tokiko enpresa trakziogileen bitartez AIren sektorean enpresa berrien sorrera sustatzea dira BAICen helburu nagusiak.

Arantxa Tapia sailburuak azpimarratu duenez,  “AIren arloko talentua ere bultzatu nahi da euskal prestakuntza-zentroen lankidetzaz, esparru horretako prestakuntza aurreratua sustatuz, talentua bultzatu, garatu, atxiki eta erakartzeko asmoz”.

Euskadin esparru honetan dauden gaitasun zientifiko-teknologikoen arteko sinergiak bultzatzeaz gain, Euskadiko AIren arloko eskaintzaren nazioarteko zabalkundea ere egingo da nazioarteko talentua, enpresak eta inbertsioak erakartzeko, enpresak nazioarteko sare eta merkatuetan konektatuz eta proiektatuz, eta azkenik, AIren arloko aurrerapen teknologikoen ondorio etikoak aztertu eta aintzakotzat hartuko dira.

BAIC AIren esparruan planteatutako erronka konplexuei soluzio osoak ematea erraztuko duten hainbat jarduera-arloz baliatuko da dagokion eginkizuna bete ahal izateko.