Petronorrek eta Epowerlabsek hidrogeno berdearen teknologiak garatuko dituzte mugikortasunerako

Petronorrek eta mugikortasun elektrikoaren eta sorkuntza banatuaren sektorerako soluzioak garatzen dituen EPowerlabs potentzia-elektronikako ingeniaritzak akordioa sinatu dute bi enpresen arteko harremanak sustatzeko eta mugikortasunaren arloan hidrogenoaren erabilera erraztuko duten teknologien analisi eta garapenean elkarrekin lan egiteko.  

Gainera, bi aldeek helburutzat zehaztu dute mugikortasunerako hidrogenoaren aplikazioen garapenean eginkizun garrantzia izan dezaketen industria-inguruneko enpresak edo partnerrak identifikatzea.

José Ignacio Zudaire Petronorreko Pertsonen, Antolaketaren, Harreman Instituzionalen eta Ekonomia eta Finantza Sailaren zuzendariak argi utzi du  “Petronorrentzat, industriari trakzioa eragiten dion energia arloko enpresa den aldetik, EPowerlabsekin lankidetzan jarduteak beste aurrerapauso bat ekarriko duela Euskadiri trantsizioaren erronka lideratzen lagunduko dion sare industrial eta teknologikoa sortu ahal izateko”.

EPowerlabsek lankidetzan jardungo du Petronorrekin, aholkulari teknikotzat, konpainiak haren laguntza behar duen esparruetan, hala nola, Hidrogenoaren Euskal Korridorea (BH2C), erregai-pilari dagozkion teknologien analisia edota hidrogenoaren teknologien garapenari dagozkion ekimenak.

Mikel Peral EPowerlabseko CEOak nabarmendu duenez,  “akordio hau sekulako aukera da gurea bezalako enpresa batentzat Petronorren kategoriako erreferentziazko konpainia batekin batera lan egin ahal izateko, kasu honetan soluzio zehatzak lortzen laguntzeko. Eginkizun hori egokitu digute, izan ere, gure taldeak mugikortasunaren arloko garapenetan lan egin du, eta gertu-gertutik ezagutzen ditu ibilgailuan txertatutako hidrogeno-pilaren sistemak”.