Emakumezkoen txapelketan 4 pertsonako 6 taldek parte hartu zuten, eta La Arenako (Zierbena) neskek lortu zuten lehen postua, Nerea Cantera, Lorena Renovales, Naroa Renovales eta Iraide Florez bolariekin. Uriosteko (Ortuella) taldeak bigarren postua lortu zuen, Sanfuentesek (Abanto Zierbena) hirugarren postua, La Cuesta (Zierbena) laugarren izan zen, El Regato (Barakaldo) bosgarren eta Gorostiza (Barakaldo) seigarren.
Gizonezkoei dagokienez, 7 taldek parte hartu zuten, hauek ere 4 kidekoak, eta Ugarteren (Trapagaran) taldeak irabazi zuen, Ernesto Molledo, Igor Benito, Joseba Gomez eta Kepa Sainz bolariekin. Uriosteko (Ortuella) taldea txapeldunorde izan zen, Gorostiza (Barakaldo) hirugarren, El Regato (Barakaldo) laugarren, La Arena (Zierbena) bosgarren, Sanfuentes (Abanto Zierbena) seigarren eta La Cuestako (Zierbena) mutilak zazpigarren.
Txapelketa amaitzean, omenaldi berezia egin zioten aurten hildako Jon Ander Soto bolari zierbenatarrari. Uriosteko dantza taldeak ohorezko aurreskua eskaini zuen eta, Agur Jaunak txistuan entzun ondoren, Gonzalo Sotok, Jon Anderren aita eta Petronorreko erretiratuak, plaka bat jaso zuen bere omenez.
Ekitaldia sari banaketarekin amaitu zen, Gualber Atxurra Petronorreko Erakunde Harremanetako teknikariaren partaidetzaz.