La Arenako eta Ugarteko taldeak, Herriarteko Katxete Bola-joko Txapelketaren garaile

Gonzalo Soto (Jon Anderrren aita), Iñigo Ortuzar (Zierbenako alkatea), Gualber Atxurra (Petronorren Erakunde Harremanetako teknikaria), Jorge Corcuera (Bizkaiko Bolo Federakundearen presidentea) eta José Ángel Fernández (La Arenako Katxete Bola-joko klubaren idazkaria), talde irabazleekin.
La Arenako (Zierbena) emakumezkoen taldeak eta Ugarteko (Trapagaran) gizonezkoek Herriarteko Katxete Bola-joko Txapelketa irabazi zuten larunbatean, Zierbenako La Arena karrajuan. Petronorrek lehiaketa babestu zuen. Ekitaldian zehar, 2021 honetan hildako Jon Ander Soto bolariari omenaldia egin zioten.

Emakumezkoen txapelketan 4 pertsonako 6 taldek parte hartu zuten, eta La Arenako (Zierbena) neskek lortu zuten lehen postua, Nerea Cantera, Lorena Renovales, Naroa Renovales eta Iraide Florez bolariekin. Uriosteko (Ortuella) taldeak bigarren postua lortu zuen, Sanfuentesek (Abanto Zierbena) hirugarren postua, La Cuesta (Zierbena) laugarren izan zen, El Regato (Barakaldo) bosgarren eta Gorostiza (Barakaldo) seigarren.

Gizonezkoei dagokienez, 7 taldek parte hartu zuten, hauek ere 4 kidekoak, eta Ugarteren (Trapagaran) taldeak irabazi zuen, Ernesto Molledo, Igor Benito, Joseba Gomez eta Kepa Sainz bolariekin. Uriosteko (Ortuella) taldea txapeldunorde izan zen, Gorostiza (Barakaldo) hirugarren, El Regato (Barakaldo) laugarren, La Arena (Zierbena) bosgarren, Sanfuentes (Abanto Zierbena) seigarren eta La Cuestako (Zierbena) mutilak zazpigarren.

Txapelketa amaitzean, omenaldi berezia egin zioten aurten hildako Jon Ander Soto bolari zierbenatarrari. Uriosteko dantza taldeak ohorezko aurreskua eskaini zuen eta, Agur Jaunak txistuan entzun ondoren, Gonzalo Sotok, Jon Anderren aita eta Petronorreko erretiratuak, plaka bat jaso zuen bere omenez.

Ekitaldia sari banaketarekin amaitu zen, Gualber Atxurra Petronorreko Erakunde Harremanetako teknikariaren partaidetzaz.