SENERrek eta John Cockerilek fabrikatutako lehen elektrolizagailu hau Abanto-Zierbenan kokatutako Ezkerralde-Meatzaldeko Teknologia Parkea amaitzen denean jarriko da martxan, eta bertan ekoitzitako lehen hidrogeno berriztagarria parkean kokatuta dauden Energy Intelligence Center eta Petronorren egoitza hornitzeko erabiliko da.
Gainera, hidrogeno berriztagarri hau parkeko mugikortasun-plataforma logistikoko lehen autobus eta ibilgailu arinetan ere erabiliko da, eta parkean Euskadiko lehen hidrogetegia (hidrogeno-hornitegia) instalatuko da. Den-dena, EVEk eta Repsolek bultzatuta.
Repsolek hornituko dio elektrolizagailuari hidrogeno berriztagarria sortzeko erabiliko duen energia berdea. Era berean, findegitik Ezkerralde-Meatzaldeko Teknologia Parkerainoko gasbideak Nortegasek eraikiko ditu.
Elektrolizagailu hau martxan jartzeko, hidrogeno berriztagarria ekoitzi eta banatzeko beharrezko azpiegiturak barne, 8,9 milioi euroko inbertsioa egingo da.
Proiektu hau eredu energetiko eta ekonomikoa aldatzen eta energia, mugikortasuna, industria eta zerbitzuak bezalako sektore estrategikoen deskarbonizazioan aurrera egiten laguntzea xede duen Hidrogenoaren Euskal Korridorearen (BH2C) barruan gauzatu da.
2024an tamaina handiagoko beste bat, 10 MWekoa, jarriko dute martxan Petronorrek, EVEk eta Enagásek, Bilboko portuan kokatuko den erregai sintetikoen ekoizpen-lantegia hornitzeko.
Azkenik, 2025ean hirugarren elektrolizatzailea jarriko da martxan, 100 MWekoa, Petronorren deskarbonizazio-prozesuari heldu eta Hidrogenoaren Euskal Korridorearen beharrak asetzeko.
Prentsa oharra, hemen.