Imazek industria babestearen garrantzia aldarrikatu du APTEren Nazioarteko XIX. Biltzarrean

Josu Jon Imaz bere hitzaldian zehar.
Josu Jon Imaz Repsolen kontseilari ordezkariak industria babestearen garrantzia aldarrikatu du gaur, Zamudioko Parke Teknologikoan antolatutako Espainiako Parke Zientifiko eta Teknologikoen Elkartearen (APTE) Nazioarteko XIX. Biltzarraren barruan. “Begiratu nahi diegun herrialdeei begiratzen diegunean konturatzen gara industriaren BPGa ez dela jaitsi, igo baizik. Industria dagoen lekuetan, berrikuntza atzetik dabilkio. Gainera, industriak hiru lanpostu sortzen ditu lanpostu zuzen bakoitzeko, ondo ordainduta, eta horrexegatik industria aldarrikatu nahi dut”,  azpimarratu du.

Hitzaldian, Imazek bidezko trantsizio energetikoa defendatu du, “lehiakorra, eraginkorra, gure gaitasun teknologiko eta industrialetan oinarritutakoa. Teknologia behar dugu, horrexek izan behar du egiazko motorra, eta trantsizioa kontsumitzaileengan eta industrian pentsatuz egin behar dugu”.

Gainera, Repsolenko CEOak trantsizio energetikoan kontuan hartu beharreko zazpi ideia plazaratu ditu. Alde batetik, beharrezkotzat jo du “horniduraren segurtasuna bermatzea, trantsizio horri heltzeko energia-iturrien premia dugun heinean”. Horrekin batera argi utzi du “deskarbonizazioa ez dela elektrifikazioa. Elektrifikazioa zati bat da, baina sektore asko eta asko nekez elektrifika daitezke. Neutraltasun teknologikoa behar dugu”, eta beren-beregi nabarmendu du “trantsizioaren kostuak murrizteko biderik eraginkorrena bilatzearen beharra”. 

Likidoak deskarbonizatzea izan da Imazek azaldutako beste ideietako bat: “datozen hamarkadetan ere petrolioa beharko dugunez gero, CO2a isuriko ez duten fintze-eragiketak behar ditugu. Horregatik aldatzen ari gara findegien kontzeptua, eta apurka-apurka hub teknologikoak bihurtzen ari dira”. Era berean, garrantzitsutzat jo du, isurpen zuzenen ordez, “karbono-aztarna globala neurtzea, bizi-ziklo osoa alegia”.

Imazek ekonomia zirkularraren aldeko ahalegina indartzera animatu du, “zirkulartasunaren zein birziklatze mekanikoaren helburuen alde” apustu eginez. Gainera, hori guztia iraunkortasunaren izenean egin behar dela nabarmendu du, “gure eredu ekonomiko eta sozialari eutsiz, ondorengo belaunaldien etorkizuna kolokan jarri gabe, bidezko trantsizioaren parametroen arabera jokatuz. Neutraltasun teknologikoa eta justizia soziala”.

Europako CO2aren isurpen-eskubideei dagokienez, “espekulazio finantzarioko mugimendutzat” jo ditu, izan ere, horiexen ondorioz, Europako kontsumitzaileek neurriz kanpoko elektrizitate-fakturak ordaindu eta industriak eragiketak geldiarazi behar  izaten dituzte, elektrizitatearen prezio horiekin lehian jardun ezinik, betiere espekulazio finantzarioak CO2aren isurpen-eskubideetan ezarritako prezio altuen eraginez. Ildo horretan, Imazek dei egin die Europako erakundeei “CO2aren isurpen-eskubide gehiago merkatura ditzatela CO2aren egungo prezioa murrizteko, klimaren aldeko helburuei uko egin gabe eta denbora-tarte zehatz batean”.

Hitzaldi osoa, hemen eta hemen.