Repsolek berriztagarriak sortu eta isurpenak murrizteko helburuak handitu ditu

Repsolek 2050ean zero isurpen garbi duen konpainia bihurtzeko asmoa bizkortzeko moduko helburu berriak aurkeztu ditu gaur, analistei eta inbertitzaileei beren-beregi zuzendutako trantsizio energetikoari buruzko Low Carbon Day izenburupeko jardunaldian. 2021-2025eko Plan Estrategikoan zehaztutako ibilbide-orriak elektrifikazioaren eta karbono gutxiko produktuen arteko konbinazioa du ardatz ekonomiaren deskarbonizazio eraginkor, jasangarri eta merkea lortzeko, Repsolen lehiakortasun-abantailetatik abiatuta.  

Josu Jon Imaz Repsoleko kontseilari ordezkariaren esanetan, “gure helburuak eguneratzeak agerian utzi ditu konpainiak 2050ean karbonoan neutroa izateko eman dituen aurrerapauso sendoak. Anbizioari, teknologiari eta proiektuak gauzatzeari esker, helburu horretara iristeko abiadura bizkortu ahal dugu”.

Konpainiak 2021-2025 epealdiari dagokion inbertsioa handitu du 19.300 milioi eurora arte, eta Plan Estrategikoan aurreikusita zegoen baino 1.000 milioi euro gehiago bideratuko dizkie elektrizitate berriztagarria sortzeari eta isurpenik gabeko hidrogenoa ekoizteari, karbono gutxiko beste ekimen batzuk bultzatzeaz gain.

Repsolek trantsizio energetikoa lideratzeko asmoa du, Parisko Akordioaren ildotik, tenperatura globalaren igoera 2ºC-tik beherakoa izan dadin. Aurrerapen teknologikoari eta egungo zein etorkizuneko proiektuen hedapenari esker, konpainiak anbizio handiagoarekin heldu ahal die karbonoaren intentsitatea murrizteko helburuei. 2050ean neutraltasuna lortzen lagunduko dion deskarbonizaziorako bide berriak % 15eko murrizketa ezarri du Karbonoaren Intentsitatearen adierazlean 2025erako, % 28koa 2030erako eta % 55ekoa 2040rako, aurretik ezarritako % 12, % 25 eta % 50eko ehunekoen aldean.

Energia elektriko berriztagarriaren sorkuntza da Repsolen deskarbonizazio-ereduaren oinarrietako bat. Gaur iragarritako helburu berrien arabera, 2030ean % 60 igo liteke sorkuntza berriztagarriko gaitasun instalatua, 20 GWera iritsi arte. 2025ean gaitasun instalatua 6 GWekoa izatea da helburu berria.