Euskadik bat egin du Munduko Industria Aliantzarekin 2050ean 0 isuri neto lortzeko

Arantxa Tapia, COP26an, Glasgown.
Petronor kide duen, eta industriak ekonomia-, gizarte- zein ingurumen-balioa sortu behar duela sinetsita Euskadin sortu zen «Basque Net Zero Industrial Super Cluster» delakoak bat egin du, Glasgowko Klima Aldaketari buruzko Nazio Batuen 2021eko Konferentzian (COP26), 2050ean 0 emisio garbiak lortzeko Munduko Industria Aliantzarekin.

World Economic Forum (WEF), 1971tik arazoak identifikatu, konponbideak diseinatu eta klimaren alde jarduten duen nazioarteko erakunde independentea da, eta Euskadi aukeratu du Accelerating the journey toward Net Zero Industrial Clusters forora gonbidatutako lau eskualdeetako bat izateko. Foro horretan sinatu da Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumeneko sailburuak “historikotzat” jo duen aliantza.

Euskadi aitzindaria izan zen Emergentzia Klimatikoa deklaratzen 2019an, eta, ordutik, garapen inklusibo eta iraunkorraren aldeko apustua argia izan da, eta orain nazioartean onartua industria-mugimendu global horren parte izateko.

Gainera, Europako Batzordeak positibotzat jo du COP26an Euskadik trantsizio energetikoan aurrera egitearen alde egindako apustua, energia berriztagarrietan egindako aurrerapenak aitortuta. Euskadiko off shore eolikoa eta hidrogenoa dira, Europan erreferentzia izan daitezkeen ereduak, Europako Batzordearen interesa piztu duten proposamenak, trantsizio energetikoan aurrera egiteko eta klima-aldaketaren mehatxuei erantzuteko baliozko apustu gisa. Berriztagarriak konponbidearen zati garrantzitsua dira, eta, aldi berean, ekonomia eta enplegua sortzeko aukerak areagotzen dituzte.

Arantxa Tapiak Kadri Simson Energiaren Europako Komisarioari helarazi dio energia-kostuen egungo arazoarekiko kezka, DG Energy-COP 26 topaketan, eta azpimarratu du beharrezkoa dela “berriztagarrietan inbertitzea eskatuko duten erritmoa eta baliabideak egokitzea, baliabide fosilak pixkanaka uzteko beharrezko epeekin”.

Era berean, Eusko Jaurlaritzak COP26ren erakusleihoa baliatu du “Hidrogenoaren Euskal Estrategia” partekatzeko. Garapen garrantzitsu horren helburua hidrogenoaren ekosistema sortzea da, hidrogeno berriztagarriaren ekoizpenean oinarrituta. Gainera, estrategiak biltegiratze-, garraio- eta banaketa-azpiegiturak barne hartzen ditu, tokiko merkatuari eusten diotenak eta nazioarteko esportazio-merkatuan garrantzia izango duen logistika-zentro bat ezartzeko oinarri izango direnak.