Hidrogenoaren Euskal Korridorearen Elkartea sortu da

71 enpresa eta erakundek indarrak batu dituzte Hidrogenoaren Euskal Korridorearen Elkarte sortzeko.
-71 enpresa eta erakundek indarrak batu dituzte Hidrogenoaren Euskal Korridorearen garapena dinamizatuko duen elkartea sortzeko.

Gaur egin da Guggenheim Museoan BH2C Hidrogenoaren Euskal Korridorearen Elkartearen lehen Batzarra, 71 enpresa eta erakunderen parte-hartzearekin. Ekitaldia Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak ireki du ofizialki, bide telematikoz, Glasgowtik.

Gaurkoa beste urrats bat besterik ez da hidrogenoa energiaren arloko industriatzat bultzatzeko, izan ere, klima-neutraltasunaren aldeko trantsizio energetikoan funtsezko zeregina beteko du zalantza-izpirik gabe, Euskadin zein Europan.

José Ignacio Zudaire BH2C Elkarteko presidenteak jendaurreko agerraldian nabarmendu duenez, “elkartearen sorrerak agerian utzi du enpresek eta erakundeek deskarbonizazioan aurrera egitearen alde egin duten apustu sendoa, hidrogenoa bektore energetikotzat erabiliz. Trantsizio energetikoa jasangarria izan dadin, nahitaezkoa da, deskarbonizazioaren erronkarekin batera, industriak BPGan duen pisuari eustearen aldeko konpromisoa har dezagun. Gure industria garatzen, aberastasuna eta ongizatea sortzen eta gure berrikuntza eta teknologia bultzatzen lagunduko digun trantsizioari heldu behar diogu. Kalitatezko enplegua sortzeko gai den herrialde industriala izaten jarraitu nahi badugu, betiko moduan aurre egin behar diogu erronka honi, proiektu zehatzen bidez, inbertsioen bitartez, teknologiaren laguntzaz eta lankidetza estrategiatzat erabiliz. Hidrogenoaren Euskal Korridoreak osagai horiek guztiak uztartu ditu, eta horren harira, inongo zalantzarik gabe esan dezaket etorkizun luzea duen etorkizuneko proiektua dela. Zalantzarik gabe, Euskadik apustu irmoa egin behar du sektore honen buru izateko, altzairugintzan, makina-erremintan, automobilgintzan edo berriztagarrietan egin duen bezalaxe”.

Hidrogenoaren Euskal Korridorea aurtengo otsailean aurkeztu zen, energia, mugikortasuna, industria eta zerbitzuak eta bestelako sektore estrategikoen deskarbonizazioan aurrera egiten laguntzeko. Proiektua aurrera ateratzeko 1.300 milioi eurotik gorako inbertsioa egingo da 2026ra arte, eta zuzeneko 1.340 lanpostu nahiz zeharkako 6.700 lanpostu baino gehiago sorraraziko ditu.

Elkarteak Hidrogenoaren Euskal Korridoreari lotuta bultzatuko dituen proiektuak honako esparru hauei dagozkie:

  • Hidrogeno berriztagarriaren eta erregai sintetikoen ekoizpena.
  • Banaketaren arloko mugikortasuna eta logistika.
  • Industriaren deskarbonizazioa.
  • Hiri eta bizitegi erabilerak.
  • Azpiegitura.
  • Garapen teknologiko industriala.

Proiektu horietan, honako enpresa eta erakunde hauek parte hartuko dute: ABC Compressors, Aena, Ajusa, Alsa, AMPO, ArcelorMittal, Astilleros Murueta, Bilboko Udala, Balearia, BEFESA, Bilogistik, CAF, Calvera, Celsa NARVACERO, Hidrogenoaren Zentro Nazionala, CIC energiGUNE, Cidetec, CIE AUTOMOTIVE, Energia Klusterra, Arabako Foru Aldundia, Bizkaiko Foru Aldundia, EDAIR, ENAGAS, Energiaren Euskal Erakundea, Erreka, Ferrovial, Fg Fidegas, Euskal Herriko Itsas Foroa, hidrogenoaren arloko teknologia berriak garatzeko Fundazioa, Tekniker Fundazioa, Garbiker, GHI, GHK, Giroa Veolia, H2Site, Hispacold, Ibaizabal, Idom, Ikerlan, Ingeteam, INSERTEC, Integralia, Irizar, Irizar E-mobility, Jema Energía, Lecitrailer, Lurraldebus, MFS Sintering, MOBILITYADO-AVANZA, Mondragon Unibertzitatea, MUBIL, Naviera Murueta, Nippon Gases, Nortegas, OLIVERDESIGN, Optimus 3D, Orkli, Euskadiko Teknologia Parkeak, Petronor, Bilboko Portua, Repsol, Sarralle, Sener, Sidenor, Siemens Energy, SKV Bermeo, Solaris, Somorrostro, Talgo, TCR, Tecnalia, Técnicas Reunidas, Tubacex, Tubos Reunidos, Euskal Herriko Unibertsitatea, Wartsila eta SIDEREX.