Petronorren fabrikatutako landare hondakinekin egindako biojeta hegaldi batean erabili da lehen aldiz Espainian

Elías Unzueta, atzo.
-Abuztuan fabrikatutako biojet-loteak 5.300 tona erregai ditu, eta honen erabilerari esker, 300 tona CO2 gutxiago isuriko dira atmosferara.

-Repsol-Petronorrek eta Iberiak mota honetako erregaia erabili duen lehen hegaldia egin dute: Madril-Bilbo IB 426 hegaldi erregularra.

-Erabilitako hondakinak jatorri nazionalekoak dira, nekazaritzako elikagaien industriatik ateratakoak, eta prozesuan ETEei lagundu zaie.

-Petronorren fabrikatutako biojeta guztiz bateragarria da Espainian inplementatutako sistema logistikoarekin.

Repsol-Petronorrek eta Iberiak atzo, asteazkena, azaroak 3, landare hondakinekin Petronorren aurreko abuztuan fabrikatutako biojeta erabilita lehen hegaldia egin zuten. Madril-Bilbo IB 426 hegaldi erregularra egiteko, hegazkin-konpainiak 180 bidaiarirentzako lekua duen A320neo Airbusarekin erabili zuen, egun munduan dauden hegazkinik eraginkorrenetako bat. Hegaldiak hurbilketa berdea egin zuen Loiuko aireportura, izan ere, honek kontsumoaren eraginkortasuna hobetzen du, igoera zein jaitsiera-faseetan altuera-maila egokiari eutsiz eta erregaiaren kontsumoan aurrezkia erraztuz.

Petronorrek Espainiako merkatuko lehen biojet-lotea ekoitzi du landare hondakinetatik abiatuta, karbono-aztarna txikiko erregaien ekoizpenean garrantzi handiko aurrerapausoa emanez eta aire bidezko garraioan erabilitako erregaien deskarbonizazioan bilakaera bultzatuz, izan ere, momentuz, elektrifikazioa ez da bideragarria segmentu honetan.

Loteak 5.300 tona erregai ditu, eta produktuaren kalitateari buruzko baldintza zorrotzak betetzen ditu, baita ekoizpen, logistika zein merkaturatze-katearen iraunkortasunari buruzko betekizunak ere. Erregai honen erabilerak atmosferara 300 tona CO2 gutxiago isurtzea ekarriko du.

Hegaldiak atmosferara 1,4 tona CO2 isuri murriztea lortu zuen, hegazkinak kontsumoan ematen duen efizientziaren hobekuntzari esker, bioerregai iraunkorraren erabilera gehituta. Gainera, depositua betetzerakoan zero isuriko bultzada elektrikoko hegazkintzarako erregai-hornikuntzako ibilgailua erabili zen. Hegazkinean, erabilera bakarreko plastikoak ordezteko ontzi ezberdinak probatzen ari da Iberia, gainera.

Erabilitako hondakinak jatorri nazionalekoak dira, nekazaritzako elikagaien industriatik ateratakoak. Prozesu honek ETEei laguntzen die: hondakinak Lipsa enpresak ekoizten ditu Bartzelonan duen olioak eta koipeak fintzeko instalazioan, eta Nafarroan kokatutako Oleofat enpresa hondakinen kalitatea fintze-prozesuetara egokitzeko behar den aldez aurreko tratamenduaz arduratu da. Honela, ekonomia zirkularreko tresnak txertatu dira prozesuan, hondakinetatik balio erantsi handia duten produktuak sortuz, karbono-aztarna txikiko erregaiak kasu. 

Biojeta sustatzen du Europak aeronautika sektorean

Europar Batasuneko erakundeek hainbat neurri ezarri dituzte aeronautika sektorean biojetaren erabilera sustatzeko. Hondakinetatik eratorritako bioerregai aurreratuak erregai jasangarrien zerrendan sartu ditu Energia Berriztagarriei buruzko Europako Zuzentarauak.

Joan den uztailaren 14an, Europako Batzordeak Fit for 55 neurri-sorta aurkeztu zuen, RefuelEU Aviation ekimena hartzen duena, Europar Batasuneko hegazkingintzan erregai iraunkorren eskaintza eta eskaria bultzatzeko, 2025ean % 2ko erabilera eta 2050ean % 63koa lortzeko asmoz. Honek sektorearen ingurumen-aztarna murrizten eta Europako Batasunaren klima-helburu nagusiak lortzen lagunduko du.

Espainian, Energia eta Klimaren Plan Nazional Integratuak argi utzi du bioerregaiak direla garraio sektorean egun gehien erabiltzen den teknologia berriztagarria, baita eskuragarriena ere, batez ere egun nekez elektrifika daitezkeen ibilgailu astunetan, hegazkingintzan eta antzeko sektoreetan. Bestalde, joan den maiatzean onartutako Klima Aldaketa eta Trantsizio Energetikoari buruzko Legean, garraioaren arloko erregai alternatibo iraunkorrei buruzko artikulua sartu da, bioerregai aurreratuei eta jatorri biologikoa ez dutenei arreta berezia emanez.

Hondakinetatik biojeta fabrikatu ahal izateko, likido bihurtuko duen teknologia behar da, keroseno konbentzionalaren propietateei eutsiz, hegazkinek erabiltzen dituzten egungo motorrekin bateragarria izan dadin. Biojeta ekoizteko ibilbideek nazioarteko zehaztapen tekniko zorrotzetan onartuta egon behar dute, eta JET A1 konbentzionalarekin nahastu behar da, zehaztapen tekniko horietan ezarritako gehienezko mugak aintzat hartuz.

Hegaldi honetako lotean aplikatutako bideak dauka teknologiarik onduena, eta praktikan SAFek (Hegazkintzarako Erregai Iraunkorrak, ingelesezko sigletan) kopuru industrialetan horni dezakeena da. Onartutako gehienezko nahasketa % 5ekoa da, nazioarteko zehaztapenetan ezarritako kalitate-baldintzak bete ahal izateko.

Petronorren ekoitzitako biojeta guztiz bateragarria da Espainian inplementatutako sistema logistikoarekin. 

Helburu klimatikoak

Europar Batasunaren helburu klimatikoei erantzun ahal izateko, Repsol-Petronorrek hainbat proiektu ditu abian, eta horien artean, berariaz nabarmen daiteke, % 00 berriztagarria den energiarekin sortutako hidrogeno berriztagarria erabiliz zero isurpen garbiko erregai sintetikoak ekoizteko Bilboko Portuan eraikiko duen munduko demostrazio-instalaziorik handienetakoa. Urtean 2.100 tona baino gehiago ekoizteko gaitasuna izango du, eta besteak beste, errekuntza-motorretan, hegazkinetan, kamioietan eta bestelako aplikazioetan erabili ahal izango da. Aurreikuspenen arabera, 2024an martxan egongo da, eta merkataritza-jarduerei heltzeko gaitasuna ere izango du, eskariaren arabera.

Trantsizio energetikoa lideratzea da Repsol-Petronorren helburua, Parisko Akordioaren ildotik, tenperatura globalaren igoera 2ºCen azpitik mugatzeko asmoz. Gainera, aurrerapen teknologikoari eta egungo zein etorkizuneko proiektuen hedapenari esker, Repsolek anbizio handiagoarekin heldu ahal die 2021-2025eko Plan Estrategikoan karbonoaren intentsitatea murrizteko finkatu dituen helburuei, tarteko helmugak areagotuz; eta horren bitartez, %15eko murrizketa ezarri du Karbonoaren Intentsitatearen adierazlean 2025erako, %28koa 2030erako eta %55ekoa 2040rako, aurretik ezarritako %12, %25 eta %50eko ehunekoen aldean.