Euskal Herriko Atlas Etnografikoa, bizimodu tradizionala jasotzen duen ikerketa, euskarri digitalera ekarri da

Francisco Javier Zubiaur, Lorea Bilbao, Unai Rementería, Igone Etxebarria eta Emiliano López Atxurra, gaur, Itsasmuseumean.
-XX. mendeko bizimodua erakusten duen 40 urte baino gehiagoko ikerketa oparoa sarean da. Euskal Herriko ondarea ulertzeko eta ezagutzeko aukera ematen du, adituen nahiz interesdunen eskura jarriz.

-Labayru Fundazioak eta Etniker Euskalerria Taldeek aurkeztu dute egitasmoa. Ondoan izan dituzte, alde batetik, Petronorreko burua sareratzeko lanaren babeslea, eta bestetik Bizkaiko Ahaldun Nagusia, izan ere, proiektuaren babesle izan dira Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza.

-Euskal Herriko bizimodu, ohitura eta sinesmenen inguruko proiektu honek 8 liburu tematiko, 8.000 orrialde eta 2.000 irudi inguruko emaitza utzi du. Hori dena 100 ikertzailek baino gehiagok egindako lanari esker sortu da.

 

Gaur goizean Euskal Herriko Atlas Etnografikoaren webgunea aurkeztu da Itsasmuseumeko Daniel Zuloagaren muralaren aurrean: atlasetnografico.labayru.eus. Atlas Etnografikoa osatzen duten zortzi liburukiak digitalizatu dira, orain edonoren eskura daudelarik.

Aurkezpenean hauek parte hartu dute: Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, Emiliano López Atxurra Petronorreko presidenteak, Francisco Javier Zubiaur Etniker Euskalerria Taldeen ordezkariak eta Igone Etxebarria Labayru Fundazioaren zuzendariak.

Euskal Herriko Atlas Etnografikoa euskal kultura eta bizimoduari buruzko ikerketa da, hainbat gai batzen ditu zortzi liburutan. Ikerketaren eduki osoa webgune bakar batean jaso da, lan honen emaitza kontsultatu nahi duen orok informazioa eskuragarri izan dezan sarean. Lan honek Euskal Herriko ondare kulturala hobeto ezagutzeko aukera emango du.

40 urtetan egindako lanaren digitalizazioa

Orain arte Euskal Herriko Atlas Etnografikoa liburu euskarrian zabaldu da. Labayru Fundazioaren eta Petronor enpresaren arteko lankidetza hitzarmenaren ondorioz, ordea, zortzi liburuak digitalizatu egin dira, liburuki guztiak batera egon ahal izateko, eta gaien kontsulta eta bilaketak errazteko. Horretarako, webgune bat sortu da: atlasetnografico.labayru.eus.

Testua osorik gaztelaniaz badago ere, kapitulu eta atal garrantzitsuenen sarrerak hiru hizkuntzatan itzuli dira: ingelesez, frantsesez eta euskaraz. Proiektuaren digitalizazioak lau helburu nagusi ditu:

● Euskal Herriko ondarearen erreferentziazko bilduma bilakatzea.
● Hezkuntzarako baliagarri izatea ondareari buruzko transmisioa bideratzeko.
● Euskal Herriko bizimodua, sinesmenak eta ohiturak modu erraz batean zabaldu
eta kontsultatzeko ataria izatea.
● Eta, azkenik, euskaldunon ondarea eta izaera mundura zabaltzea.

XX. mendean José Miguel de Barandiaranek abiatutako egitasmoa, 2022ra ekarri da

Euskal Herriko Atlas Etnografikoa José Miguel de Barandiaran lantzen hasi eta Etniker Taldeek Araban, Bizkaian, Gipuzkoan, Iparraldean eta Nafarroan egindako ikerketa da. Honen helburua XX. mendeko bizimodu tradizionala jasotzea izan da, gero, gizarteari transmititzeko eta edonoren eskura jartzeko.

Ikerketa hau 70eko hamarkadaren hasieran abiatu zen. Industrializazioak eraginda, bizimodu tradizionalean aldaketa handia gertatu zela eta, ordura arteko bizimoduaren berri jasotzeko helburuarekin sortu zen egitasmoa. Harrezkero 100 ikertzailek baino gehiagok parte hartu dute ikerketan. Bertatik, 8 liburu tematiko, 8.000 orrialde eta 2.000 irudi inguru argitaratu dira.

Euskal Herriko Atlas Etnografikoak gai hauek jorratu ditu: Elikadura (1990, 2. arg. 1999), Haur jolasak (1993, 2. arg. 2005), Heriotza ohikuneak (1995), Ohikuneak jaiotzatik ezkontzara (1998), Abeltzaintza eta artzaintza (2000), Herri medikuntza (2004), Etxea eta familia (2011) eta Nekazaritza (2018).

Zortzi liburutan antolatutako bizimoduen, sinesmenen eta ohituren bilduma oparoa

• Elikadura: Liburuki honetan etxeko elikadurari heltzen zaio, hainbat testuinguru kontuan hartuta: familia, etxea, alderdi erritualak, ospakizunak eta bizimodua. Familiako elikadura tradizionala eta XX. mendean etxeko jateko jenero eta ohituretan izandako aldaketak aztertzen dira bereziki.

• Haur jolasak: XX. mendean zehar lurralde osoan umeek egindako zortziehun haur-jolas baino gehiago deskribatzen dira liburuki honetan, horietako asko belaunaldiz belaunaldi transmitituak. Gainera, telebistaren, bideo-jokoen eta abarren zabalkundeak ekarritako aldaketak ere jaso dira.

• Heriotza ohikuneak: Tomo honek etxeko hileta-errituak aztertzen ditu: heriotzaren iragarpenak, hilzorian dagoena zaintzea, gorpua etxean dagoen bitartekoak, hil ostekoak (mezak, dolua, lutua, familia elkartzea…).

• Ohikuneak jaiotzatik ezkontzara: Lan honek bizitzako errituen hiru atal nagusi batzen ditu:

o Jaiotza eta haurtzaroa: haurren jatorriari buruzko sineskerak, erditzea, bularra ematea, bataioa, umezaroko jolasak, eskola-aldia.

o Gaztaroa: gazteen arteko harremanak, erromeriak eta herriko jaiak elkartzeko topaleku, mutilen soldadutza.

o Ezkontza: nobio-nobien arteko harremana, ezkontza bera, oinordekoen ezkontzaren gorabeherak, arreoa, dotea, ezteia…

• Abeltzaintza eta artzaintza: Liburuki honen hasieran animalia arraza desberdinak aztertzen dira, behiak eta ardiak bereziki. Gainera, animalien hazkuntza tradizionala ikertzen da, isurialde atlantikoa eta mediterraneoa bereiziz. Artaldeak mendira eroatea, herri-basoak, ermandadeak ere landu dira. Horrekin batera, esnea jaistea, gazta egitea, feriak eta artzainen bizimodua. Erleak ere aztertzen dira.

• Herri medikuntza: Lana hasteko herri-pentsaeran gorputza ulertzeko modua aipatuta, beste hainbat jakingarri batu dira: sukarra; artikulazioetako, giharretako eta arnasketako minetarako oinarrizko erremedioak; azaleko, odoleko eta gainerako gaixotasunak zelan zaindu izan diren; begizkoaren eragina; ermita eta santutegi jakinen gaineko sineskerak eta abar.

• Etxea eta familia: Bi gai zabal jorratzen dira liburuki honetan, etxea eta familia hurrenez hurren. Etxea ez da eraikin hutsa, bizitzaz betea baino, familia baten bizilekua. Batez ere nekazaritza- eta abeltzaintza-bizimoduari lotutako landetxe tradizionala deskribatzen da, baina hiriguneetako etxeak (hiribilduetakoak eta arrantzale-etxeak) ere kontuan hartu dira.

Familiari dagokionez, lehen zabala izaten zen, gehienetan hiru belaunaldi etxe berean bizi zirela. Bakoitzaren zereginak, ardurak eta pisua antzera antolatu izan dira gehienetan. Oinordekotza, etxe barruko egitekoak, etxeko heziketa eta transmisioa familiari eta etxeari lotuta aztertu dira.

• Nekazaritza: Ikerketa honetan nekazaritza tradizionala eta XX. mendeko azken hamarkadetatik aurrera bizi izan diren aldaketak aztertu dira, kasurako nekazaritzako egutegia, lurra prestatzea, ereitea, batzea eta gordetzea. Belarrak eta ganaduen jatekoak atal berezia osatzen dute. Fruta-arbolak, olibondoak eta mahastiak beren-beregi eta zabal landu dira.

Horrez gainera, erremintak, sororako tresnak, neurriak eta abar hartu dira kontuan. Mekanizazio gero eta handiagoaren eragina ere jasota dago.

Ekimenak erakundeen eta Petronor enpresaren babesa izan du

Euskal Herriko Atlas Etnografikoa proiektua martxan jarri zenetik finantzaziorako hainbat ekarpen izan ditu, erakundeetatik batez ere. Denboran luzaroen lagundu izan dute Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Nafarroako Gobernuak. Horrez gainera, beste laguntza puntual batzuk izan dira, batez ere liburuen argitalpenetarako (Akitaniako Lurralde Kontseilua, BBK Fundazioa, HAZI, Arabako Foru Aldundia…).

Azkenik, Petronorrek babestu du (2017-2019) liburuki guztiak digitalizatzea eta sarean batuta zabaltzea.