Euskal Herriko Atlas Etnografikoa euskarri digitalera ekarri da

Francisco Javier Zubiaur, Lorea Bilbao, Unai Rementería, Igone Etxebarria eta Emiliano López Atxurra, gaur, Itsasmuseumean.
Euskal Herriko Atlas Etnografikoaren webgunea aurkeztu da gaur goizean Itsasmuseumeko Daniel Zuloagaren muralaren aurrean: atlasetnografico.labayru.eus. Atlas Etnografikoa osatzen duten zortzi liburukiak digitalizatu dira, orain edonoren eskura daudelarik.

Euskal Herriko Atlas Etnografikoa euskal kultura eta bizimoduari buruzko 40 urte baino gehiagoko ikerketa da, 70eko hamarkadaren hasieran abiatu zena, eta hainbat gai batzen ditu zortzi liburutan. Ikerketaren eduki osoa webgune bakar batean jaso da, lan honen emaitza kontsultatu nahi duen orok informazioa eskuragarri izan dezan sarean. Lan honek Euskal Herriko ondare kulturala hobeto ezagutzeko aukera emango du.

Euskal Herriko bizimodu, ohitura eta sinesmenen inguruko proiektu honek 8 liburu tematiko (Elikadura, Umeen jokoak, Heriotza-ohikuneak, Jaiotzatik ezkontzara bitarteko ohikuneak, Abeltzaintza eta artzaintza, Herri-medikuntza, Etxea eta familia, eta Nekazaritza), 8.000 orrialde eta 2.000 irudi inguruko emaitza utzi du. Hori dena 100 ikertzailek baino gehiagok egindako lanari esker sortu da. Testua osorik gaztelaniaz badago ere, kapitulu eta atal garrantzitsuenen sarrerak hiru hizkuntzatan itzuli dira:  ingelesez, frantsesez eta euskaraz.

Igone Etxebarria Labayru Fundazioaren zuzendariak eta  Francisco Javier Zubiaur Etniker Euskalerria Taldeen ordezkariak aurkeztu dute egitasmoa. Ondoan izan dituzte, alde batetik, Emiliano López Atxurra Petronorreko presidenteak -sareratzeko lanaren babeslea-, eta bestetik Unai Rementeria Ahaldun Nagusia, izan ere, proiektuaren babesle izan dira  Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza. Lorea Bilbao, Euskara, Kultura eta Kirol foru diputatua ere bertan izan da.

Bere hitzaldietan, Francisco Javier Zubiaurrek eta Igone Etxebarriak eskertu egin dute Petronorren laguntza  “gure ondarea ezagutzeko obra garrantzitsu honen digitalizazio proiektuan”.

Emiliano López Atxurrak, bere aldetik, nondik gatozen ezagutzearen garrantzia aipatu du,  “tradizioak ezagutzea da aurrera egiteko modu bakarra, horrek osatu gaituelako. Petronorrek bere apaltasunean laguntzen ditu ekimen horiek guztiak, kultura eta ezagutza funtsezkoak baitira gizarteak aurrera egin dezan”.

Unai Rementeriak proiektu honen praktikotasuna azpimarratu nahi izan du, baita gaur egungo belaunaldiekiko lotura ere, natibo digitalak baitira:  “Lan honen digitalizazioa oso garrantzitsua da, gaurko gurasook hau bezalako elementuak behar ditugulako belaunaldi berriei egin behar diegun beharrezko transmisio horretarako”.

Prentsa oharra, hemen.

Bideoa, hemen eta hemen.