INDEUSek 2022rako erronkak finkatu ditu euskararen erabilera industria arloan sustatzeko

Industriaren Euskal Plataformak (INDEUS) 2022ko batzar orokorra egin zuen atzo, enpresen artean esperientziak partekatzen jarraitzea, laguntzaile-sarea sortzea eta enpresa berriak erakartzea erabakiz. INDEUS Spri-Enpresen Garapenerako Agentziak, Energiaren Euskal Erakundeak, Hizkuntza Politikako Sailburuordetzak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek bultzatzen dute. Euskararen aldeko apustua egiten duten enpresa industrialei laguntzeko sortu zen ekimena, euskarazko produktu eta zerbitzuak lortzeko bideak landuz. Petronor INDEUSeko kidea da, beste 26 enpresarekin batera.

2021eko balantzea egiterakoan, pandemiaren eragina nabarmena izan zen INDEUSen jardunean, ezin izan zelako aurrez-aurreko bilera edo topaketarik egin. Hala ere, plataformak bere dinamikari eutsi zion lantaldeen bilera telematikoekin.