-Etenaldiak findegiko hainbat unitatetan ezarritako planaren arabera aldizka egiten diren berrikuspen, mantentze eta inbertsio-prozesuak dira.
-58 milioi euroko inbertsioa tarteko, mantentze-lanei dagozkien berrikuspenak eta nagusiki instalazioen energia-eraginkortasuna areagotzea xede duten hobekuntza teknologikoak egingo dira.
-Segurtasuna eta berrikuntza dira prozesu honen bi helburu nagusiak, Petronorrek pertsonekin nahiz ingurunearekin hartu duen konpromisoaren ondorioz.
-50 egunetan, otsailak 15 hasita, Petronorreko ohiko langileei beste 1.000 langile baino gehiago gehituko zaizkie egunero, eta 1.400 langile ere puntako egunetan.
-Kontratatutako 40 enpresa inguruk parte hartuko dute etenaldi honetan. Horien erdiak Euskadikoak dira, eta langile guztiek, Petronorreko ohikoek zein aldi batekoek, segurtasunari buruzko berariazko prestakuntza jaso dute.
-Etenaldiaren ondoren, Petronorrek euskal ekonomiaren motorra diren industria-instalazioak “estreinatuko” ditu, zuzeneko 940 lanpostu nahiz zeharkako 6.000 lanpostu baino gehiago bilduz eta Euskadiko ekoizpenaren guztizko balioan duen % 9,7ko pisuari eutsiz.
Petronorrek etenaldia hasiko du otsailaren 15ean Koke Plantan (FMU), baita Konbertsio Eremuko Huts-Unitatean eta eremu honetako beste unitate batzuetan ere, eta ondorioz, fintzeko instalazioen jarduera osoaren % 50 baino gehiago bertan behera geratuko da.
58 milioi euroko inbertsioa tarteko, etenaldiak 50 eguneko iraupena izango du eta, mantentze-lanen berrikuspenak ez ezik, instalazioen energia-eraginkortasuna hobetzea xede duten inbertsio teknologikoak egiteko aukera ere emango du.
Hori guztia bi helburu argirekin: segurtasuna eta berrikuntza, Petronorrek pertsonekin nahiz ingurunearekin hartu duen konpromisoaren ondorioz.
Etenaldi honek enpresak egin ohi duen fintze-jardueraren % 50ari eragingo dio, guztira.
Enpleguaren eta jarduera ekonomikoaren sorkuntzaren ikuspegitik, 40 bat enpresa kontratatu dira hainbat lan aurrera ateratzeko, eta guztien artean, egunero 1.000 langile baino gehiago jarriko dituzte Petronorren esku, eta 1.400 langile ere puntako egunetan. 40 enpresa horietatik, % 50 inguru Euskadikoak dira.
Langile guztiek, Petronorreko ohikoek zein aldi batekoek, segurtasunari buruzko berariazko prestakuntza jaso dute.
Koke Planta edo Fuel-olioa Murrizteko Unitatea
Etenaldi honetan, bigarren aldiz berrikusiko da 2011n 1.006 milioi euroko inbertsioa tarteko (Euskadin inoiz egin den industria arloko inbertsiorik handiena) abiarazi zen Koke Planta. Instalazio honi esker, Petronorrek goitik behera murriztu du fuel-olioaren ekoizpena, balio erantsi eta gizarte-eskari handiagoko produktuen ekoizpenaren mesedetan: propanoa, butanoa, gasolina eta gasolioa.
Konbertsio Eremuko Huts-Unitateari ere eragingo dioten lan hauetan dorreak, ontziak, labeak, segurtasun-balbulak, makinak, tresnak eta azpiestazio elektrikoak berrikusi eta, oro har, instalazioak hobetzeko inbertsioak egingo dira, azken berrikuntza teknologikoak txertatuz.
Inbertsioen xehetasun teknikoak
Etenaldian, Petronorrek inbertsio handiak egingo ditu, eta guztien artean, honako hauek nabarmen daitezke:
- Instalazioen energia-eraginkortasuna hobetzea, tximinietako keak hoztearekin, eraginkortasun handiagoko trukagailuak ezartzearekin eta abarrekiko lotutako inbertsioen bidez. Betiere, prozesuetan kontsumitutako energia aurrezteko asmoz.
- Ekipoen fidagarritasuna hobetzea: bero-aldagailuak ordeztea, eta oraingo zenbait deposituren ordez material iraunkorragoak dituztenak jartzea.
- Eguneratze teknologikoa: kontroleko elektronikaren zati bat ordeztea eta goi teknologiako itxitura mekanikoak instalatzea.