“Neutraltasun teknologikoa” aldarrikatu du Unzuetak, teknologia ezberdinak lehiatu eta “energia iturri mota bakoitzaren atzean soluziorik merkeena, erabilgarriena eta efizienteena” nagusitu dadin. Gainera, trantsizio energetikoak “subiranotasun energetikoan lagunduko du, neurri batean”. Bere berbetan, “geopolitikak garrantzitsua izaten jarraituko du, baina egoera hobetzeko aukera dugu eta hidrogenoaren aldeko apustua hor ere kokatzen dugu”.
Hala, Euskal Herria “hidrogenoaren erabiltzaile” soil izan beharrean berton “teknologia eta merkatu bat” gara daitezkeela esan du Unzuetak, eta Petronorrek bigarren aukeraren alde egiten duela, Europa mailan “lehen lerroan” kokatu eta esparru globalizatuan lehiatu ahal izateko. Europako funtsek prozesuaren abiadura azkartu badezakete ere, edozein kasutan hidrogenoaren aldeko apustua “derrigorrezkoa” dela eta Repsol-Petronorrek “horiekin edo horiek gabe” aurrera joko dutela nabarmendu du.