Energia deskarbonizatzeko “hidrogenoaren aldeko apustua estrategikoa” dela adierazi du Elías Unzuetak

Elías Unzueta ETB1-eko ‘Egun on Euskadi’ saioan.
Elías Unzueta, Petronor Innovación-eko gerenteak gaur ETB-1eko ‘Egun on Euskadi’ saioan adierazi duenez, konpainiak hurrengo hamarkadetan aurrean duen erronka nagusia “gizarteak erabiltzen duen energia deskarbonizatzea da”; eta ildo horretan “hidrogenoarena apustu estrategikoa da” Petronorrentzat, Hidrogenoaren Euskal Korridorearen bitartez. Hala, elektrifikazioa arlo guztietara helduko ez denez, garraioa astunera edo aire eta itsaso bidezkora esaterako, hidrogenoa “funtsezkoa”  izango da prozesu horretan.

“Neutraltasun teknologikoa”  aldarrikatu du Unzuetak, teknologia ezberdinak lehiatu eta “energia iturri mota bakoitzaren atzean soluziorik merkeena, erabilgarriena eta efizienteena”  nagusitu dadin. Gainera, trantsizio energetikoak “subiranotasun energetikoan lagunduko du, neurri batean”.  Bere berbetan, “geopolitikak garrantzitsua izaten jarraituko du, baina egoera hobetzeko aukera dugu eta hidrogenoaren aldeko apustua hor ere kokatzen dugu”.

Hala, Euskal Herria “hidrogenoaren erabiltzaile” soil izan beharrean berton “teknologia eta merkatu bat”  gara daitezkeela esan du Unzuetak, eta Petronorrek bigarren aukeraren alde egiten duela, Europa mailan “lehen lerroan”  kokatu eta esparru globalizatuan lehiatu ahal izateko. Europako funtsek prozesuaren abiadura azkartu badezakete ere, edozein kasutan hidrogenoaren aldeko apustua “derrigorrezkoa” dela eta Repsol-Petronorrek “horiekin edo horiek gabe”  aurrera joko dutela nabarmendu du.