Repsol Gidak bina eguzkirekin aintzatetsi ditu Arabako ‘Arrea!’ eta Gipuzkoako ‘Bodega Katxiña’ jatetxeak

Iñaki eta Izaskun Zendoia ('Bodega Katxiña').
Repsol Gidak bina eguzki eman dizkie Kanpezuko (Araba) ‘Arrea!’ jatetxeari eta Orioko (Gipuzkoa) ‘Bodega Katxiña’ jatetxeari. Gainera, beste 7 euskal jatetxek Repsol eguzki bana jaso dute: ‘Gotzon’, ‘Jauregibarria’, ‘La despensa de Etxanobe’ eta ‘Remenetxe’ Bizkaian; ‘Ama’ eta ‘Narru’ Gipuzkoan, eta ‘Kea’ Araban. Zerrendako kide berri hauek kontuan hartuta, Euskadik saritutako 66 jatetxe ditu guztira: 9 jatetxek hiruna eguzki dituzte, 17k bina eguzki eta 40 jatetxek eguzki bana.

Estatuko gastronomiaren erreferente bihurtu den Repsol Gidak 97 eguzki berri banatu ditu, eta saritutako proiektuetan, beren-beregi nabarmen daitezke natura omendu eta tokian tokiko memoria aldarrikatzen duen jankide ‘kontzienteari’ erantzuteko moduko ikuspegi berrituak, sukaldaritzan gertatzen ari den berpizkunde-giro argiaren erdian.

Repsol Gidaren Eguzkiak banatzeko ekitaldia atzo egin zen Donostiako Victoria Eugenia Antzokian “Llega el plato fuerte” (“Plater nagusia dator”) lemapean, eta bertan parte hartu zuten Javier Hurtado Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko Sailburuak eta Josu Jon Imaz Repsoleko Kontseilari Ordezkariak. Imazen esanetan, “pandemiak guztion bizitzetan eragin dituen urte benetan latzen ondoren, Repsol Gidaren Eguzkiak banatzeko ekitaldiak pozez betetzen gaitu, ‘normaltasunera’ itzuli eta krisiaren ondorio gordinak modu berezian pairatu dituen ostalaritza sektorea aitortzea dakarren heinean”. 

Repsol Gidaren Eguzkien 2022ko edizioak, berritasun gisa, lau jatetxeren jarduna aldarrikatu du iraunkortasunaren aldeko ahalegin eta konpromisoagatik, Repsol Gida osatzen duten kategoria gastronomiko bakoitzean ezarritako #AlimentosdEspaña2022 Eguzki Iraunkorra deritzon sariaren bitartez, eta horien artean dago Donostiako ‘Kofradia’ (Gomendatua).