Petronorren, segurtasunaren kudeaketari eusten dioten prebentzio arloko neurriek eta protokoloek jokabideei buruzko prestakuntza eta heziketa dute helburu. Segurtasunaren inguruko kultura hau laburbilduta ageri da funtsezko zutabe hauetan: Segurtasun Gida, Lan Baimenak Kudeatzeko Protokoloa eta Plan Logistikoa. Horren harira, hainbat tresnaren bitartez, etenaldiari atxikitako langile guztiek jardueraren garapenean gerta daitekeen edozein gorabehera saihesteko nola lan egin behar duten badakitela bermatzen da.
Bertako langileentzat prestakuntza digitala antolatu da IsEazy plataformaren laguntzaz. Prestakuntza hau derrigorrezkoa da, langileek kudeaketak egiteko (prestakuntza zein ikasketa arlokoak barne) erabiltzen duten Workday plataforman, eta aprobetxamendu-testa ere sartu da ikastaroaren amaieran. Gainera, online saioak egin dira zalantzak argitzeko. Kontratisten langileentzat, prestakuntza-saio presentzialak antolatu dira Somorrostroko Prestakuntza Zentroaren lankidetzaz, eta kasu honetan ere, test bat gainditu behar dute prestakuntza egina dutela egiaztatzeko. Era berean, berariazko saioak antolatu dira enpresa kontratistetako segurtasun-teknikariekin prestakuntza indartzeko. Enpresek segurtasunez lan egiteko behar duten informazio eta prestakuntza guztia eman behar diete etenaldian parte hartzen duten langileei, eta Segurtasun Plan Espezifikoaz gain, Instalazio Petrokimikoetako Segurtasunari buruzko Oinarrizko Ikastaroa egina izan behar dute.
Bestalde, segurtasun arloko gainbegiratze eta koordinazio talde sendoa izatearen aldeko apustua egin da, prebentzioaren arloko teknikari adituak, enpresa-jardueren koordinatzaileak eta etenaldiaren arloetako zein erakundearen beste arlo batzuetako eragiketa-teknikariak bilduz. Gainera, kanpoko prebentzio-teknikariek 24 orduko ikuskapen-lanak egiten dituzte, eta lan-eremuetan kokatutako biltegietatik, lanak segurtasunez egiteko behar den material guztien horniketa egiten da. Azkenik, Industria-Erreskateko espezialisten taldeak era guztietako laguntza ematen ari dira altuerako lanei buruz, gune konfinatuei buruz eta abarrei buruz, eguneko 24 orduetan.
Etenaldi honetan ezarritako berrikuntzei dagokienez, lehenengo aldiz, modu digitalean kudeatu dira FMUko disko itsuak Gesloto DC mugikortasun-tresnaren bitartez, eta honek segurtasun handiagoa ekarri du, baita lanen egoeraren inguruko trazagarritasun handiagoa ere. Berariazko protokoloak landu dira hutsaren dorrerako zein kokizazio-ganberetarako, etenaldian kontuan hartu beharreko bide kritikoak diren heinean. Era berean, nabarmen aldarazi dira Gune Konfinatuen Araua eta honi lotutako kartelak, prozesua errazagoa eta seguruagoa izan dadin. Beste neurri bat izan da egiturazko elementuak, tramexa, barandak eta abar desmuntatzeko kontrol-sistema sendo baten ezarpena. Azkenik, etenaldi honetan, puntukako karneta berreskuratu da, eraberrituta, enpresa seguruenen aitorpen positiboa egiteko.
Etenaldi honetan askotariko lanak egiten ari dira, eta ondorioz, inoiz baino beharrezkoagoa da arrisku guztiak kontrolpean izatea. Ildo honetan, alde guztien konpromisoa funtsezkoa da etenaldia arrakastatsua izan dadin esparru guzti-guztietan.