DBHko eta Batxilergoko orientatzaileek Petronor bisitatu dute, Bizkaiko industriaren bilakaeraz interesatuta

Orientatzaileak, María Gaztelu, Nerea Mendizabal, Tamara García, Ariane Rabanedo eta Néstor Erizekin.
DBHko eta Batxilergoko orientatzaileek Petronor bisitatu dute, Cebek-en ekimenez, Bizkaiko industriak 2022an “zer egiten duen” gertutik ezagutzeko asmoz.

Industria berrikuntzaren, segurtasunaren, ingurumenarekiko errespetuaren, teknologiaren, garbitasunaren, nazioartekotzearen eta beste hainbat alderdiren sinonimoa da, eta ondorioz, funtsezkoa da ondo gaitutako pertsona motibatuak izatea, profil teknikoak alegia, Lanbide Heziketakoak zein unibertsitatekoak, emakumeak nahiz gizonak.

Horren harira, Néstor Eriz Cebekeko Prestakuntza zuzendariak Muñatoizko Jauregian eman ditu ezagutzera Bizkaiko industriaren eskakizun orokorrak, sektoreak behar dituen pertsonen ezaugarriei dagokienez. “Hezkuntza eta ekoizpen mundua hurbildu behar dira, bestela ez dago etorkizunik, industria profilen falta baitago”, azpimarratu du.

Ondoren, Ángel Gil Zerbitzu Orokorretako buruak Petronorreko findegiaren aurkezpen orokorra egin du: zer egiten duen, nola egiten duen, zertarako egiten duen (findegian landutako produktuen nahiz ondorengo produktuen erakusketa), logistika eta abar. “Petronor berrikuntzaren adibidea da, eta merkatuaren beharren arabera eboluzionatzen joan da”, azaldu du.

Laborategiko buruzagitzaren menpeko Nerea Mendizabal teknikari laguntzaileak Petronorren etorkizunaz, sektorearen erronkez, findegiko lau aukera-lerroez (hidrogenoa, e-fuelak, bioerregaiak eta sektore elektrikoa) eta martxan dituen berrikuntza zein trantsizio energetikoko proiektu berriez hitz egin du: 3 elektrolizagailu, e-fuel planta, ekonomia zirkularra, mineralizatzeko eta Co2 finkatzeko small scale planta eta gasifikazioa.

María Gaztelu Talentu kudeatzaileak operadore berriak trebatzeko Petronorrek abian jarri dituen ekimenen berri eman du; eta jarrian, solasaldi bat antolatu da Tamara García Pertsonen eta Antolaketaren arloko administrariak, Ariane Rabanedo Ekoizpeneko operadoreak eta Jon Huidobro sartu berri den operadoreetako batek findegian izandako lan-esperientziari buruz hitz egiteko.

Jardunaldiaren amaieran, fintze arloko instalazioak bisitatu dituzte, Ángel Gilekin batera.