Antonio Calçada Repsol Fundazioko presidenteordeak jardunaldiaren inaugurazioan parte hartu du, eta hurrengoa adierazi du: “Ez dago trantsizio energetikorik trantsizio industrialik gabe; eta ez dago trantsizio industrialik zientzia industriara hurbiltzen ez badugu”.
Jardunaldian energia-komunitateekin lotutako hainbat alderdi azaldu dituzten adituek ere parte hartu dute, hitzaldi eta mahai-inguruen bidez. Horien artean Juan Diego, Edinorreko kontseilari delegatua, zeinek Edinorrek planteatzen duen tokiko energia-komunitatearen ereduari buruz mintzatu den, “eredu hau oso ondo egokitzen da hainbat egoeratara, hainbat komunitateren ezaugarrietara, eta inklusiboa da”, azaldu du, eta abian dauden TEKen berri eman du.
Energia-komunitateak etengabe hedatzen ari dira azken hilabeteotan, lankidetza bidezko energia-sistema deszentralizatu eta eraginkorra sortzeko aukera ematen duen eredua diren aldetik. Kontsumitzaileek energiarekin duten harremana eraldatzea da energia-komunitateen xedea, kontsumitzaile izateari utzi eta ‘prosumitzaile’ bihur daitezen, energia kontsumitzetik energia ekoiztera igaroz. Horretarako, oinarritzat hartu ohi dute hainbat eragileren arteko lankidetza-sarea (herritarrak, tokiko administrazioa eta enpresa txiki eta ertainak tarteko), energia-sistema eraginkorra sortu ahal izateko.
Testuinguru horretan, ekitaldiaren amaieran, Aitor Arzuaga Alba Emission Free Energyko kontseilari delegatuak fokua epe luzean jartzearen garrantzia azpimarratu du, “honelako ekimenak muntatzea zaila da eta ez da errentagarria epe laburrean, baina ekimen publikoaren, pribatuaren eta gizartearen arteko bidaia da, begirada epe luzera izango duen inpaktuan jarrita”.
Ekitaldi hau arlo guztiei (publikoa, pribatua, akademikoa eta soziala tarteko) dagozkien ospe handiko aditu eta erakundeak partaide dituen Repsol Fundazioaren Open Room deritzon trantsizio energetikoari buruzko ezagutza eta dibulgaziorako gune digitalean gauzatu da. Azken hiru urteotan, trantsizio energetikoaren inguruko 60 ekitaldi baino gehiago antolatu dira 300dik gora hizlariren parte-hartzearekin eta 45.000 pertsonak baino gehiagok ikusi dituzte.