Bizkaiko Andra Mari ikastetxea, Zinkers sarien Euskadiko irabazlea

Olatz García irakaslea Andra Mari Ikastetxearen Zinkers Saria jasotzen.
Bizkaiko Andra Mari Ikastetxe Publikoak irabazi du Euskadiko Lehen Hezkuntzako ikastetxerik onenaren saria Repsol Fundazioaren Zinkers Sarien 1. edizioan. Trantsizio energetikoaren eta klima-aldaketaren inguruko edukiak eta dibulgazioa sustatzea da Fundazioaren hezkuntza-plataforma digitalaren xede nagusia. Bigarren Hezkuntzako kategorian, irabazlea Gasteizko Vera Cruz Ikastetxea School itunpeko ikastetxea izan da.

Madrilgo Errege Antzokian egindako galan, Repsol Fundazioak Zinkers Sarien 1. edizioko sariak banatu dizkie 17 Autonomia Erkidegoetako ikastetxe irabazleei, baita bi aipamen berezi ere Lehen eta Bigarren Hezkuntzan.

Euskadiko Lehen Hezkuntzako ikastetxerik onena Bizkaiko Andra Mari Ikastetxe Publikoa izan da, 2030 Agendarekin lotutako hainbat jarduera (hondartzak garbitzea, korridore berdeak eta eskola-baratzea zaintzea, besteak beste) ingelesez garatu dituzten Olatz García irakaslearen eta ikasleen lanari esker. Horiez gain, hainbat ekintzak egin dituzte Getxoko Udalarekin batera.

Bigarren Hezkuntzako kategorian, Euskadiko irabazlea Gasteizko Vera Cruz Ikastetxea School itunpeko ikastetxea izan da. DBHko 2. mailako ikasleek eta Estibaliz Nuñez zein Naiara Anda irakasleek “Fast and Furious!” proiektua landu dute mugikortasun-eredu berriei buruz, eta airearen kalitatearen eta CO2aren neurgailu bat garatu dute, hainbat etxebizitza birdiseinatuz, eraginkortasun energetikoa hobetzearren. Era berean, proiektua aurkezteko eskatu diote Gasteizko Udalari.

Bi ikastetxeetako ordezkariek prestakuntza-saioak egiteko aukera izan dute hezkuntza-berrikuntzaren arloko erreferenteekin batera, baita musika eta gastronomia ardatz dituzten jarduera ludikoak ere, eta horiei guztiei amaiera emateko, sari-banaketako gala ospatu dute beste autonomia-erkidegoetako irabazleekin batera. Sariak banatzeko ekitaldian Antonio Brufau Repsoleko Presidentea eta José Manuel Bar Hezkuntzako Estatu Idazkaria izan dira.

Zinkers Repsol Fundazioaren hezkuntza-plataforma digitala da, eta trantsizio energetikoa, mugikortasun jasangarria eta ekonomia zirkularra ditu ardatz, Garapen Iraunkorrerako Helburuekin (GIH) batera. Horko edukiak Estatu osoko 2.000 ikastetxek baino gehiagok erabiltzen dituzte, ikastetxe guztien % 10ek. Zinkers sariak lortzeko, parte hartu duten ikastetxeek behar bezala frogatu behar izan dute ikasleek jasangarritasuna, energia-eraginkortasuna, mugikortasun jasangarria, ekonomia zirkularra eta bestelako gaiei buruz Zinkersek zabaldutako edukien laguntzaz ikasi duten guztia.

Zinkers sarien 1. edizio honetako hautagaien balorazioa hezkuntza eta pedagogía arloko adituen batzorde batek egin du, jasotako entregagarriak eta manifestuak aztertu ondoren. Ikastetxeek aurkeztutako lanak partekatutako hausnarketa baten emaitza dira, eta konpromisoak, ikaskuntzak eta etorkizuneko ekintzak zehazten dituzte planeta jasangarriagoa izan dadin, horiek guztiak ikasgelatik kanpo zabaltzeko asmoz, pertsona gehiago kontzientziatu eta ingurune hurbilenetatik harantzago inpaktu handiagoa eragin dezaten.