Unzuetak “erregulazio-, industria-, finantza- eta gizarte-mailan” aurrera egitea eskatu du, hidrogenoaren ekonomia garatzeko

Elias Unzueta, atzo, bere hitzaldian zehar.
Elias Unzueta Petronor Innovación-eko gerenteak adierazi duenez, karbono gutxiko hidrogenoaren ekonomia garatzeko konpondu beharreko erronkak  “teknologikoak ez ezik, araudikoak, industrialak, finantzarioak eta sozialak ere badira”,  eta Petronorrek berau garatzearen aldeko apustu sendoa egiten duela berretsi du. Euskal Herriko Unibertsitateko Kultura Zientifikoko Katedrak, Naukas dibulgazio-plataformarekin batera antolatu eta Petronorrek babestutako Naukas dibulgazio-jardunaldien XI. edizioan parte hartu zuen atzo Unzuetak.

Enpresak karbono gutxiko hidrogenoa ekoizteko garatzen duen ‘H 2 4All’ proiektuari buruzko xehetasunak eman zituen bere hitzaldian, eta nabarmendu zuen “Petronorren estrategiak hidrogeno berriztagarriaren ekonomia esparru globalera garatzea ere eskatzen”  duela, “Hidrogenoaren Euskal Korridorearekin eta Net Zero Superclusterrarekin hasita Euskadi mailan, baina Ebroko Haranarekin eta nazioartekotzeko beste ekimen batzuekin batera haziz”.

“2050era begira zero isurketa garbien konpromisotik abiatuta, hidrogeno berriztagarria bektore energetiko gisa identifikatu zen, helburu hori lortzen lagunduko duelakoan”,  adierazi zuen Unzuetak ekimenaren sorrerari dagokionez, eta gaineratu zuen hidrogeno-ekoizle gisa Petronorren estrategia 2,5, 10 eta 100 MW-eko beste hainbeste elektrolizatzaileren hiru elektrolisi-proiektutan oinarritzen dela.

Lehenaren ekoizpena Abantoko parke teknologikoan kokatutako mugikortasun-proiektuetan oinarrituko da; bigarrenak erregai sintetikoen demo planta garatzea ahalbidetuko du, Bilboko portuan kokatuko dena eta konpainiaren proiektu estrategikoetako bat izango dena; hirugarrenak hidrogeno berriztagarria eskala handian ekoizteko aukera emango du, kostua optimizatzeko, eta inguruko hainbat industria-sektoreren deskarbonizazioa erraztuko du, Petronorrena barne.