Petronor, ‘Deskarbonizaziorako itun teknologikoak’ ekitaldian Houston-en

Manu Núñez, ezkerretik bigarrena, euskal ordezkaritzarekin batera, Houstonen.
Manu Núñez, Petronor Innovación-eko zuzendaria, SPRI Taldeko, Energia Klusterreko eta Tecnaliako ordezkariekin batera, Houstonen da aste honetan, Net Zero Basque Industrial Super Clusterra ordezkatzeko World Economic Forumek eta Electric Power Research Institutek antolatutako ‘Deskarbonizaziorako itun teknologikoei’ buruzko ekitaldian.

Net-Zero Basque Industrial Super Cluster, World Economic Forumak sustatutako proiektuan parte hartzera gonbidatutako hamar eskualdeetako ekimenetako bat da, 2050ean zero emisio garbiak lortzeko.

Ekitaldiak WEF ‘Transitioning Industrial Clusters towards Net Zero’ ekimenaren parte diren klusterren komunitatea bildu du, proiektuak eta esperientziak partekatzeko, erronkak eta aukerak aztertzeko eta industria-sektore desberdinen deskarbonizaziorako trantsizioa bizkortzeko beharrezkoak diren aliantza teknologikoak sustatzeko.

Net-Zero Basque Industrial Super Clusterraren ordezkaritzak hainbat saiotan parte hartuko du hiru egunetan. Bertan, ekimena eta aurrerapen nagusiak aurkezteaz gain, tokiko balio-katerako aukera teknologiko eta industrialen garapena nabarmenduko da, ekimenaren alderdi bereizgarrietako bat den aldetik.

Ildo horretan, aipamen berezia merezi du euskal ekimena ekitaldiaren inaugurazio-saioan parte hartzeko hautatua izanak, bertaratuei Net Zero Basqueren helburuak, bazkideak eta ikuspegia eta industrien eta eragileen arteko lankidetzak tokiko industriaren lehiakortasunean eta enpleguaren sorreran eragingo dituen onurak helarazteko.

Zehazki, Petronorrek teknologiari buruzko saioetako batean parte hartu du txostengile gisa, eta azaldu du bere prozesuen deskarbonizazioaren erronka aukera bat dela bai konpainiarentzat bai Euskadirentzat, Hidrogenoaren Euskal Korridorearen bitartez, lankidetza publiko-pribatuko estrategia batekin, hidrogenoaren balio-katearen maila guztietako proiektuak garatzea aurreikusten duena.

‘Walkabout session’ delakoan, ordezkaritzak garapen teknologiko eta industrialeko proiektuak aurkeztuko ditu, besteak beste, Hidrogenoaren Euskal Korridorea. Aste honetan, esperientziak eta ezagutzak trukatzeko aldebiko bilerak egingo ditu EPRIko (Electric Power Research Institute) arduradunekin, hidrogeno berdearen, eraginkortasun energetikoaren eta elektrifikazioaren arloetan.