Landatze eta mantentze-lan hauek beharrezkotzat jotzen dira ikuspuntu ekologikotik baso autoktonoa lehengoratzeko, izan ere, aurretik, ekoizpenerako eukaliptoak landatuta zeuden. Horren harira, bertako mintegietan ekoitzitako baso-landare autoktono ziurtatua erabili zen. Landare hauek banakako babesleekin finkatu ziren, eta babesleak zurkaitzekin instalatu ziren, landareez elikatzen den basa-faunatik (orkatzak, basurdeak, etab.) babesteko.
Jardunaldian, boluntarioek udatik bizirik atera ez diren zuhaitzak eta zuhaixkak ordezkatu, txorkoetan zeuden belar gaixtoak eskuz kendu, lursailean aurkitu zuten zaborra bildu eta eukaliptoaren kimuak erauzi zituzten. Jarduera osagarritzat, zuhaixka-espezie autoktonoak landatu zituzten ondoko lursail batean heskai bizi bio-anitza sortzeko.
Repsol Fundazioak eta Petronorrek basoetan, ingurumenean eta landa-garapenean espezializatuta dagoen Sylvestris gizarte-enpresaren lankidetzaz antolatu zuten jardunaldia, biodibertsitatearen eta ingurumen-baliabideen balioak ezagutzera emateko, hauen onurak eta mehatxuak barne; baso-zuhaitzak landatzen eta landatutako zein landatu beharreko edo berez sortutako espezieak bereizten ikasteko; klima-aldaketa arintzeko CO2aren hustubidetzat jardungo duen baso bat sortzen laguntzeko; ingurune naturalean eta beste boluntario batzuekin batera egindako aire zabaleko jarduera batez gozatzeko, eta zaborra eta plastikoak ingurumenetik kentzeko, bertako ekosistemak mantentzen lagunduz.