Petronorrek Hidrogenoaren Euskal Korridorea aurkeztu du Fukushiman

Arturo Fernández REIF azokan eskainitako hitzaldian.
Arturo Fernández Petronorren filiala den ALBAko Hidrogeno Proiektuen Garapeneko arduradunak, Energiaren Klusterreko ordezkariekin batera, Fukushimako prefekturako Gobernuak antolatutako REIF (Renewable Energy Industrial Fair) azokan parte hartu du. Bertan, Hidrogenoaren Euskal Korridorea (BH2C) aurkeztu du, H2 erabiliz deskarbonizazioaren erronkari aurre egiteko aukera gisa.

Arturo Fernándezek parte hartu du azoka honen barne egindako nazioarteko mintegian, Petronorrek BH2Cren bidez hidrogenoaren ekonomia garatzearen alde egindako apustua Japoniako industriari ezagutarazteko eta elkartea lantzen ari den proiektu berezi eta estrategikoen azken aurrerapenak erakusteko. Gainera, esperientziak trukatzeko aldebiko bilerak egin dira Fukushima eskualdeko hidrogenoaren sektoreko agente garrantzitsuekin.

Petronorrek Euskadiren ordezkari gisa parte hartu du Energiaren Klusterraren stand bateratuan, Basque Trade & Investment-ekin lankidetzan. Azokako bisita urriaren 13tik 15era bitartean egin da, eta agenda espezifikoekin osatu da urriaren 11n eta 12an. Egun horietan, H2 tailer espezifikoa egin da, eta AIST Fukushima Renewable Energy Research Institute-ren (FREA) Koriyamako instalazioetara zein Namieko “Fukushima Hydrogen Energy Research Field (FH2R)” azpiegiturara bisitak egin dira.

Fukushima eskualde bereziki interesgarria da, Japoniako Gobernuak energia berriztagarriak hedatzeko egiten duen apustuaren ardatzetako bat delako, eta hidrogenoaren teknologietan erreferentziazko hainbat proiektu biltzen dituelako. Izan ere, Hidrogeno-haran gisa (FH2R) onartutako ekimena duen prefektura japoniar bakarra da.