Proiektuaren helburu nagusia ezagutza-oinarri bat sortzea da, hondakin plastiko konplexuen birziklatze termokimikoko prozesu hobetuak garatzeko. Hondakin-korronte hori beste hondakin batzuk tratatzean sortzen da batez ere, hala nola ontzi arinak, erabiltzen ez diren ibilgailuak edo tresna elektriko eta elektronikoen hondakinak tratatzean.
Gaur egungo birziklatze-ereduetan konposizioak eta ezaugarriek sortzen dituzten zailtasunak direla eta, hondakin plastiko horien berrerabilera oso txikia da oraindik, papera, beira edo metalak bezalako beste material batzuekin alderatuta. Beraz, gaur egun aprobetxatzen ez diren lehengaien baliabide potentziala da.
Petronorrek bazkide gisa parte hartzen du partzuergoan, ekonomia zirkularraren aldeko apustuan sakontzeko helburuarekin. Adibidez, plastikoetan dauden haluroak ezabatzeko prozesu bat garatzen ari da, korronte plastiko konplexuak tratatzeko gasifikazioko beste prozesu bat ere, eta korronte plastiko konplexuen gasifikazioan lortutako syngas edo sintesi-gasaren kalitatea hobetzeko proiektu bat. Jarduera hauek Petronor Innovación bere filialaren bidez burutuko ditu.
Gainera, lider gisa parte hartzen du “ebaluazio tekniko-ekonomikoko eta eszenatokien simulazioko” zeregin espezifiko batean. Bertan, ikuspuntu tekniko eta ekonomikotik, proiektuan garatutako hondakin plastikoen egokitzapen-prozesuen, birziklapen kimikoko prozesuen eta garbiketa-prozesuen eraginkortasuna aztertuko da. Horrela, Petronorrek bere produkzio-eskeman ebaluatuko du proiektuan gauzatutako garapen teknologikoen ondorioz lortutako korronteak nola integratzen diren, I+Geko jardueren aldeko apustu hori bere fabrikazio-prozesuei aplika dakizkiekeen ekimen zirkularretan gauzatzeko ikuspegi argiarekin.
Birplast-en garatzen diren teknologiei esker, karbono-aztarna txikiagoa duten produktuak emango dira, eta hondakin plastikoak balorizatzen lagunduko da ekonomia zirkularreko prozesuen bidez. Izan ere, funtsezko ekarpena da hondakinaren balio-katea azken produktuan integratzeko, eta, aldi berean, egungo ekonomia deskarbonizatzen lagunduko du, Garapen Iraunkorreko Helburuei eta 2030 Agendari lagunduz.
Industria-ikerketako proiektu estrategikoa da, eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren HAZITEK 2022 programaren finantzaketa jaso du.