Aitor Arzuagak “trantsizio energetikoaren gradualtasuna” defendatu du “karbono-arrastoan erabat neutroak diren erregaiak” lortze aldera

Aitor Arzuaga Workinlan Summiteko mahai-inguruan.
Aitor Arzuaga Alba-Petronorreko zuzendari nagusiak Workinlan Summiteko mahai-inguru batean parte hartu zuen atzo, Bilboko Euskalduna Jauregian, Petronor babesle izanda. Foro horretan azpimarratu zuen “trantsizio energetikoa prozesu mailakatua izango”  dela: “erregaien ekoizpenak etorkizunean jarraituko du, baina haren eragina eta karbono-aztarna hobetuko dira, erabat neutroak izatera iritsi eta petrolioaren mende ez egotera arte, aireko edo itsasoko garraioa bezalako sektoreak deskarbonizatzeko”.

Arzuaga María José Sanz BC3ko zuzendariarekin, Alexander Boto Ihobeko zuzendariarekin eta José Ignacio Hormaeche Energiaren Klusterreko zuzendari nagusiarekin aritu zen klima-aldaketaren erronkei helduz. Testuinguru horretan, gaineratu zuen “Petronorrek existitzen jarraituko”  duela, baina “desberdina izango”  dela: “etengabe eraldatzen, lehengai eta ekoizpen prozesu desberdinekin eta produktu energetiko deskarbonizatuekin”,  Repsolek 2050ean jarduera osoan karbono-neutroa izateko hartutako konpromisoak agindu bezala.

“Espainian aukera paregabea dugu trantsizio energetikoarekin”,  azpimarratu zuen Arzuagak, “energia berriztagarriak sortu eta hidrogenoa eta deribatuak ekoizteko eta kokapen geografiko ona izateagatik, energia-kontsumoko zentro handietatik gertu”.  Oinarri horrekin, “energia-industria etorkizunean are gehiago garatzeko aukera”  dagoela iritzi zion, eta “hori aprobetxatu eta eredu ekonomikoa, industrian eta teknologian oinarritutakoa, deskarbonizazioak dakartzan aukeretan eraldatu beharko”  litzatekeela erantsi.