Findegiak, baliabide natural hau modu integral eta zorrotzean kudeatzearen alde hartu duen konpromisoaren harira, bere tratamendu-instalazioan araztutako ura berrerabiltzen du prozesuaren hainbat fasetan: hozte-dorreetan, suteen aurkako sarean eta instalazioko ur-sisteman, besteak beste. Era berean, prozesuko uraren beste kalitate batzuk birzirkulatzen ditu; adibidez, stripping-unitateetatik ateratzen den ura, lehengaitzat sartzen diren petrolio gordinak gatzgabetzeko.
Ur-araztegia findegiko lan-metodoetan integratuta dago ohiko jardueran zein geldialdietan, eta horretara egiten diren ur-ekarpenen kontrolak prozesuan behar den egonkortasuna bermatu eta ahalik eta ur gehien berrerabiltzeko aukera errazten du. Diziplina anitzeko lantaldeei esker, prozesuko uren kalitate-kontrola hobetu ahal izan da, berrerabilpen-prozesuan gero eta ur-korronte gehiago sartuz.
Findegian ur freskoaren kontsumoa murrizteko garatzen ari diren beste lan-ildoetako bat horniketa-iturri alternatiboen bilaketarekin lotuta dago, beste jarduera batzuetatik datozen urak berrerabiliz; esate baterako, hiri-uren araztegietako errefusak aprobetxatzea, izan ere, hainbat industria-sektoretan, hornidura iraunkorra ziurtatzeko alternatibatzat erabiltzen da Ekonomia Zirkularraren testuinguruan. Lan hauek guztiak giza-kontsumoari zuzendutako ur freskoaren erabilera minimizatzea xede duen Water Zero proiektuari atxikita daude.