Uraren erabilera eraginkorra, iraunkortasunaren aldeko konpromisoa

Petronorreko DAR Planta.
Gaur, martxoak 22, Uraren Munduko Egunean, gogora ekarri behar dugu uraren zainketa eta babesa Nazio Batuen Garapen Iraunkorrerako Helburuetan (GIH) jasota dagoela eta Petronorrek iraunkortasunarekin duen erronka eta konpromisoetako bat dela.

Findegiak, baliabide natural hau modu integral eta zorrotzean kudeatzearen alde hartu duen konpromisoaren harira, bere tratamendu-instalazioan araztutako ura berrerabiltzen du prozesuaren hainbat fasetan: hozte-dorreetan, suteen aurkako sarean eta instalazioko ur-sisteman, besteak beste. Era berean, prozesuko uraren beste kalitate batzuk birzirkulatzen ditu; adibidez, stripping-unitateetatik ateratzen den ura, lehengaitzat sartzen diren petrolio gordinak gatzgabetzeko.

Ur-araztegia findegiko lan-metodoetan integratuta dago ohiko jardueran zein geldialdietan, eta horretara egiten diren ur-ekarpenen kontrolak prozesuan behar den egonkortasuna bermatu eta ahalik eta ur gehien berrerabiltzeko aukera errazten du. Diziplina anitzeko lantaldeei esker, prozesuko uren kalitate-kontrola hobetu ahal izan da, berrerabilpen-prozesuan gero eta ur-korronte gehiago sartuz.

Findegian ur freskoaren kontsumoa murrizteko garatzen ari diren beste lan-ildoetako bat horniketa-iturri alternatiboen bilaketarekin lotuta dago, beste jarduera batzuetatik datozen urak berrerabiliz; esate baterako, hiri-uren araztegietako errefusak aprobetxatzea, izan ere, hainbat industria-sektoretan, hornidura iraunkorra ziurtatzeko alternatibatzat erabiltzen da Ekonomia Zirkularraren testuinguruan. Lan hauek guztiak giza-kontsumoari zuzendutako ur freskoaren erabilera minimizatzea xede duen Water Zero proiektuari atxikita daude.