Bilbok eta Amsterdamek, Energiaren Euskal Erakundearekin (EVE), Petronorrekin eta Herbehereetako SkyNRG, Evos Amsterdam eta Zenith Energy Terminals erakundeekin batera, akordio bat sinatu dute gaur, Bilboko eta Amsterdamgo portuak lotzen dituen itsas-ibilbidean hidrogeno berriztagarriaren Europa mailako korridore bat garatzeko asmoz.
Hitzarmena Carlos Alzaga Bilboko Portuko Zuzendariak; Iñigo Ansola Energiaren Euskal Erakundeko (EVE) Zuzendariak; José Ignacio Zudaire, Petronorreko Kontseilari Ordezkariaren Ondokoak; Gert-Jan Nieuwenhuizen Amsterdamgo Nazioarteko Portuko Zuzendari Nagusiak; Theye Veen SkyNRGko Zuzendari Komertzialak; Ramon Ernst Evos-eko Zuzendari Nagusiak eta Tadhg Deasy Zenith Energy Europe-ko Zuzendari Nagusiak sinatu dute. Willem Alexander Herbehereetako Erregea ekitaldiaren lekuko ofiziala izan da, herrialde horrek hidrogeno berriztagarriaren sektorearen garapenerako alde biko lankidetzari ematen dion garrantziaren seinale.
Bazkideek lankidetzan jardungo dute hidrogeno berriztagarriaren eta erregai sintetikoen hornikuntza-katea garatzeko, eta honexen ardatza izango dira Euskadiko ekoizpena eta Amsterdamgo portuaren bitartez egingo diren Herbehereetarako zein Europako barnealderako esportazioak.
Bilboko Portua Hidrogenoaren Euskal Korridoreko kidea da, eta Petronorrek bultzatu du lankidetza hau, energia, industria, bizitoki eta mugikortasunaren sektoreak deskarbonizatzeko. Hala, hidrogeno berriztagarria eta honen deribatuak esportatzeko huba izango da. Bilboko portua Europako logistika-gune garrantzitsua da dagoeneko. Honetaz baliatuta, hidrogeno berriztagarriaren giltzarrizko hornitzaile bihur daiteke, bereziki Europako ipar-mendebalderako. Bilboren eta Amsterdamen arteko hidrogeno berriztagarriaren Europa mailako korridore batek beharrezko babesa emango dio erronka horri.
Bilboren eta Europako laugarren porturik handiena den Amsterdamen arteko korridorearen ezarpenak etengabe garatuz doazen bi hidrogeno-haran lotuko ditu. Korridoreak hidrogeno berriztagarriaren eta erregai sintetikoen merkataritza erraztu eta honekin lotutako aldeen arteko ezagutza eta esperientzien trukea sustatuko du. Bi aldeek elkarrekin aztertuko dituzte lankidetza honen barruan eman beharreko hurrengo urratsak, harreman espainiar-holandarrak areago indartuz eta isurpenak murrizteko helburu orokorrean lagunduz.
José Ignacio Zudaire Petronorreko CEOaren ondoko eta Hidrogenoaren Euskal Korridoreko presidenteak azpimarratu duenez, “Hidrogenoaren Euskal Korridorea hidrogenoaren balio-kate osoan sustatzen ari den proiektua garrantzi gorenekoa da Euskadirentzat”, izan ere, Euskadik hidrogeno berriztagarria energia-bektoretzat garatzeko erronkari ekin diezaiokeen ekosistema pribilegiatua du. “Kokapen geografiko estrategikoa dugu, baita industria-portua, gas-azpiegiturak, enpresa trakziogileak eta industria-sare finkatua ere”.