Denboraren makina

Urkullu lehendakaria erakusketa bisitatzen, atzean, besteak beste, Donostiako alkate Eneko Goia eta Petronorren CEOaren ondoko José Ignacio Zudaire dituela.
Kontzeptuz, lehena eta oraina, zaharra eta berria, museoa eta fabrika, hitz batez: denboraren makina. ‘That time’ (Beckett, 1976) antzezlaneko hiru biziaroen ildotik, gaztaroa edo lehena, helduaroa edo oraina, eta zahartzaroa edo geroa. Praktikan, Bilbo eta Donostiaren arteko zubigintza, Arte Ederren museoak eta Tabakalerak elkarrekin burutua, Petronorren laguntzaz.

Oinarrizko ideia Migel Zugaza Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendariarena da. Izan ere, zer egin Abandoko eraikinaren handitze eta eraberritze-lanek erakuslekua murrizten dutenean eta arte-lanak,  behin-behinean, nonbait bildu beharra erakartzen? Ezkutuko biltegiren batean gorde beharrean, zergatik ez, ageri-agerian, jendaurrean azaldu, Donostiako Tabakaleran esaterako?

Ondoko ‘epifania’, San Joan bezperatik Domu Santuko zubi arte (2023-11-5) Tabakaleran ikuskatu ahal izango den ezohiko erakusketa baino ez da. Guztira 107 artelan, 80 artista ezberdinenak, zeinetan nabarmendu daitezkeen edonoren belarriei ezagun egiten zaizkien El Greco, Goya, Zurbaran, Bacon, Oteiza, Arteta, Mendiburu, Vicente Ameztoy, Agustin Ibarrola, Juan Luis Goenaga, Marta Cárdenas, Mari Puri Herrero, Txomin Badiola, Susana Solano, Nemesio Mogrovejo eta beste… 80 arte. Ez gehiago,  baina ezta  gutxiago ere.

Migel Zugazak eta Edurne Ormazabalek buruz buru indarrean jarritako elkarkidetza, Miriam Alzuri eta Oier Etxeberria komisarioen gidaritzapean eta Petronorren babesaz.

Informazio gehiago, hemen.