Eusko Jaurlaritzaren Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak, Aveq-Kimika Enpresa Kimikoen Euskal Elkartearekin batera, jakinarazi nahi du, gaur, ekainak 12, Muskizen, Zierbenan eta Santurtzin instalatuta dauden emergentzia kimikoak iragartzeko alerta-sirenak aktibatuko direla. Saio hau, aldian-aldian, Seveso araudiaren menpeko enpresa kimikoen segurtasun-eremuan egiten diren simulazioekin lotuta dago eta herritarrei ihes toxiko kimikoez alertatzeko da.
Abisu akustikoak Muskizen, Abanto-Zierbenan eta Zierbenan entzungo dira goizeko 10:00etan; Santurtzin, Getxon, Portugaleten eta Zierbenan berriz ere 11:00etan, eta Luzero Lurmuturrean, Zierbenan, 11:30etan.
Zuzendaritzak berak adierazi bezala, saio hauek derrigorrez egin behar izaten dira tarteka-marteka, balizko larrialdi kimiko baten aurrean herritarren segurtasuna bermatu ahal izateko.
Europar araudiek agintzen dutenez gero, era honetako simulazioak ere egingo dira Euskal Autonomia Erkidegoko hainbat udalerritan, Lantaronen eta Hernanin, adibidez.
Aldi berean, Segurtasun Sailak Alderantzizko 112 sistema aktibatuko du, herritarrei SOS Deiak aplikazioaren bidez alerta geolokalizatuak bidaltzeko aukera ematen duena. Herritarrek, Alderantzizko 112az balia daitezen, SOS Deiak aplikazioa instalatu eta geolokalizazioa aktibatu behar dute euren telefono mugikorretan. Era horretara, larrialdi-egoeretan nola jokatu behar duten jakiteko informazioa eta jarraibide zehatzak jaso ahal izango dituzte.
Edonola ere, Petronorretik kanpo Eusko Jaurlaritzak eragindako simulazioa izango da eta, horretara, ez du ezelango jokaera berezirik egin beharrik eskatuko findegiaren barruan.