Zerga-ordenamenduaren konfigurazioan eta aplikazioan zergadunaren bermeei buruzko jardunaldia egingo da bihar EHUn, Petronorrek babestuta

Petronorrek babestuta, bihar ‘Zergadunaren bermeak zerga-ordenamenduaren konfigurazioan eta aplikazioan: oinarrizko eskubideen gutuna eta Europar Batasuneko Zuzenbidearen printzipio orokorrak’ izeneko jardunaldia egingo da UPV-EHUko Zuzenbide Fakultateko Carlos Santamaria Zentroko Auditorioan, Donostian.

‘Ogasun Publikoaren tutoretzako Asimetriak: funts publikoen babesa eta iruzurraren, gehiegizko gastuaren eta ustelkeriaren kontrola’ izeneko Ikerketa Proiektuaren baitan kokatzen da ekitaldia.

Jardunaldiak hiru mahai-inguru izango ditu: ‘Europar Batasuneko Zuzenbidearen printzipio orokorren eragina zerga-ordenamendu nazionalaren konfigurazioan eta aplikazioan: segurtasun juridikoa, konfiantza legitimoaren babesa eta administrazio ona’; ‘Zuzenbidearen abusua eta tributu-zuzenbide zehatzailea Europar Batasuneko Zuzenbidearen argitan’; eta, azkenik, ‘Zergadunaren oinarrizko eskubideen maila anitzeko babesa eta Europar Batasuneko Zuzenbidea urratzeagatik tributu-egintzak baliogabetzearen ondorioak’, eta denetan lehen mailako adituek parte hartuko dute.