Sari horrek Enrique Sendagorta du izena, eta Petronorrek sortu zuen 2018an, bere 50. urteurrena zela eta, fundatzaileetako bat eta lehen presidentea izan zena omentzeko. Bi bekadunek 25.000na euro jaso dituzte, eta Industria Ingeniaritzako Unibertsitate Masterrak egingo dituzte Illinoisko Institute of Technology-n (AEB). Zehazki, Aniak Finantza Masterra egitea erabaki du, eta Igorrek Ingeniaritza Informatikoa eta Gauzen Internetari dagokiona.
Emiliano López Atxurra Petronorreko presidenteak beken banaketa ekitaldian adierazi duenez, hauek “ezagutza sortzeko, beste eredu batzuk bizitzeko eta nazioarteko harremanen eremu batean sartzeko aukera ibilbide luze baten hasiera dira”. “Talentua erakartzearen barruan, zuen gaitasuna sendotzea garrantzitsua bada, ez da gutxiago bueltan etortzea jakitea gizarte honi zuen prestakuntzan inbertitu duen guztia itzultzeko, eta gure enpresen erantzukizuna da zuen gaitasunei erantzungo dieten baldintzak sortzea”, gaineratu du.
Bestalde, Charles Pinto Ingeniaritza Eskolako zuzendariak ziurtatu duenez, “Petronorren Enrique Sendagorta bekak erreferente dira Bilboko Ingeniaritza Eskolarentzat, eta unibertsitatearen eta enpresaren arteko beharrezko lankidetzaren adibide ona”.
Azkenik, Konpainiako administrazio kontseiluko kide Roberto Velascok honako hau azpimarratu du: “Petronorrek berorren fundatzaile eta lehen presidente Enrique Sendagortaren omenez sortutako beka horiek 2018an bere berrogeita hamargarren urteurrena zela-eta hartutako erabaki onenetako bat izan ziren, zalantzarik gabe”.