Inoizko parte-hartze handienarekin egin da Gallarta-Gallarta Martxa Zikloturista

Gogotsu bete zituzten parte-hartzaileek 97 kilometroak
Gallarta-Gallarta Martxa Zikloturista, Petronorrek babestua, arrakasta handiz egin da aurten ere. Ohiko kirol hitzordu honek 248 parte-hartzaile bildu zituen XIV. edizioan, horietatik 9 emakume. Gehienek Bizkaian zuten jatorria, baina Gipuzkoako 83 zikloturista, Kantabriako 18, Arabako 9, Teruelgo bat eta A Coruñako beste bat ere izan ziren.

Eguraldi onari esker, egindako guztien artean parte-hartze handiena izan duen edizioa izan da. Gainera, ez zen istripurik gertatu eta zikloturistek giro ezin hobean egin zituzten lasterketako 97 kilometroak.

Tropela Gallartatik abiatu zen, Sanfuentes, Zierbena, Muskiz, Sopuerta, Humaran gaina, Gueñes, Sodupe, Okendo, Menagarai gaina, Artzeniega, Gordexola, Sodupe, Gueñes, berriro Humaran, Galdames, Muskiz eta Las Carreras igaro zituen eta, amaiera gisa, Putxeta gainetik igo eta Gallartara iritsi zen. Ibilbidearen erdian, indarrak berreskuratu zituzten elikagai solido eta likidoekin.

Aurten, aldez aurretik izena eman duten parte-hartzaile guztiei martxari buruzko kamiseta tekniko bana oparitu zaie, baita Spiuk markako txirrindularitzako betaurreko batzuk ere martxa amaitzean. Horrez gain, hainbat opari zozketatu ziren: kuloteak, kaskoak, maillotak, zapatilak, bizikletarako kameradun packa eta gatzak.