Ana Beobide Petronorreko kontseilariak Joxe Mari Korta saria jaso du

Ana Beobide Jose Mari Korta Saria jasotzen
Ana Beobide Petronorreko kontseilariak Joxe Mari Korta saria jaso du bizitzan nahiz enpresa-munduan egindako ibilbideagatik. Grafenoaren ekoizpena lideratzen duen Graphenea enpresaren bazkide sortzailea eta kontseilaria da Cebekek aurkeztutako hautagaia, eta bere curriculum luzean, boluntariotzarekin, komunikabideekin eta irakaskuntzarekin lotutako esperientziak ditu, besteak beste.

Ana Beobidek nabarmendu duenez, “niretzat, ohore handia da, zenbaiten intolerantziak bizitza kendu zion enpresari handi haren oroimenezko sari hau jasotzea. Hark zioen: balioak, aplikazioen gainetik. Eta egun, balioak inoiz baino beharrezkoagoak dira. Gure gizarteak enpresarien jardun isil eta etengabea aitortzea behar du, konplexurik gabe, gure erakundeen babesarekin”.

Eusko Jaurlaritzak, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren bitartez, Joxe Mari Korta saria eman die aurten “dagokien jarduera profesionala garatu duten enpresa-sektoreetan” izandako inplikazioagatik nahiz “enpresa-balioen garapenean, enpresen sorreran eta jarduera berrien eta lanpostuen sorkuntzan izandako garrantziagatik” nabarmendu diren profesionalei.

Golardoa enpresari eta Adegiko presidentearen erailketaren ondoren sortu zen, “euskal ekosistema ekonomikoa lideratu, eta inbertsio eta lanaren bitartez, gizarte osoaren mesedeko enplegua eta aberastasuna sortzen dituzten pertsonen ezaugarriak eta ahalegina jendaurrean aitortzeko asmoz”.